HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 22
Jesusek, ikasleei agertu eta haiekin gosaldu ondoren, esan zion Simon Pedrori: «Simon, Joanen semea, hauek baino maiteago al nauzu?». Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan: «Bazka itzazu nire bildotsak». Bigarrenez galdetu zion Jesusek: «Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Hark erantzun: «Bai, Jauna, badakizu maite zaitudala». Jesusek, orduan:
«Zaindu itzazu nire ardiak». Hirugarrenez galdetu zion Jesusek:
«Simon, Joanen semea, maite al nauzu?». Pedro goibeldu egin zen maite al zuen hirugarrenez galdetu ziolako, eta erantzun zion: «Jauna, Zuk dena dakizu; Zuk badakizu maite zaitudala». Orduan, Jesusek esan zion: «Bazka itzazu nire ardiak. Bene-benetan diotsut: gazteago zinenean, zeuk lotzen zenuen gerrikoa eta nahi zenuen tokira joaten zinen; zahartzean, ordea, zuk besoak luzatu eta beste batek lotuko dizu gerrikoa eta nahi izango ez duzun tokira eramango zaitu». Horrela, zer-nolako heriotzaz Jainkoari aintza emango zion adierazi zuen Jesusek. Ondoren, esan zion: «Jarraitu niri».
Joan 21, 15-19.

Elizak ministerio gorena du aitasantutzan, kristau elkarte osoaren erpin gorena, Jesukristok berak horrela ezarri zuelako. Hau askotan entzun dugu, baina ulertu al dugu?
Gaurko Ebanjelioan Jesusek hiru aldiz galdetzen dio Pedrori ea maite duen eta honek beste hirutan baietz erantzuten dio. Errepikatzen diren galdera eta erantzun motz horietan, Jesusek Pedroren erru sentimendua eta jarrera apala antzematen ditu, Pedroren ukazio hirukoitzaren kontzientziatik sortutakoak. Momentu honetan Jesusek eman ziezaiokeen enkargurik baliotsuena ematen dio, bere ardiak larratzea, nahiz eta hau bukatu arte sakrifizioz jositako bidea izango dela ohartarazten dion.
Alde batetik, komunitatea zaintzeko enkargua errukitik sortu da, Jesusek Pedroren ukapen hirukoitzean eta harrotasunean itsutu beharrean, bihotz damutua eta apala besarkatu duelako. Bestetik, Pedroren Jesusenganako maitasunak eusten du bere misioa, eta ez bere indar pertsonalak. Erruki ekintza batetik errukirako ministerio bat sortu da. Kristok pertsonak bihotz-berritzen ditu eta grazia banatzen du dizipuluak bere ahulezia pertsonala dastatzen duenean. Aita Santuaren boterea Jesukristorengandik jasotako errukitik sortutako maitasunean errotzen da. Eta nirea?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments