Gure testuinguru kulturalak eta sentiberatasun garaikideak “Jauna” izena baztertzera bultzatzen (beharbada, behartzen) dute. Beste gogoeta batean zerrendatutako eragozpenei Xabier Riezuk ekarritakoa erantsi behar diegu, hots, generoaren arazoa. Xabierrek oso ondo arrazoitzen duen bezala, gaur egun eragozpenik latzena izan liteke.
Bestaldetik, zer pentsatua ematen dute Jon Sarasuaren eta Joxe Azurmendiren gogoetek, kritikaren kritika kokatzeko.
Testuinguru honetan eta gogoetari eusteko, galdera bat proposatzen dut: “Jauna” izena erabiltzeari uzten badiogu, zer galtzen dugu?; izen bat soilik galtzen dugu?
Besteak beste, hiru galera ikusten ditut.
- Itun Zaharrean “Jauna” da gehien erabiltzen den izena (sinboloa) Izendaezina izendatzeko. Juduen testu sakratuan hainbat tradizio, iturri asko, teologia ugari biltzen dira eta, sarri askotan, tradizio horietako bakoitzak izen berezia(k) erabiltzen d(it)u Izendaezina izendatzeko. Baina “Jauna” izenaren erabilera guztietan dago; nolabait elkargune bat da. Izen hori nolabaiteko konbergentzia eta oinarrizko adostasuna da mila urtetan zehar arragotua, partekatua, transmititua, irauna.
- Kristauok diogu Jesusengan Izendaezina aurkitzen dugula. Itun Zaharra tradizio askokoa izanik, beraren interpretazioak ere anitzak dira (kontraesankorrak izateraino). Kristau tradizioan Jesus bera (haren bizitza, bizipena, jarduera eta hitza) da Itun Zaharraren printzipio hermeneutikoa, hots, interpretatzeko gakoa. Inolako zalantzarik gabe, Nazareteko Jesusek Izendaezina izendatzeko, “Jauna” hitza erabiltzen zuen. Jesusen bizipen eta kontzientzia hori gainditu (baztertu) behar dugu?
- Kristautasuna bizipen batean oinarrituta dago: Jesus bizirik dago, hots, gurutziltzatua berpiztua da. Hasierako kristauek, hasierako kristau komunitateek bizipen hori, besteak beste, formula labur batean bildu zuten: Jesus Jauna da. Esapide horretan, Jauna Itun Zaharreko Jauna da, hots, Izendaezina.
Pentsamendu oro, sinesmen oro, hitz oro tradizio batean kokatuta dago, zeina haren irazkia den. Irazki horretan hari berriak bilbaturik iruditeria berriak ehuntzen dira, identitatea galdu gabe.
Tradizioaren irazkia ezabatzen bada, beharbada, ehun berria ez da posible izango. Beharbada, kristau fede komunikazioaren irazkian bertan txertaturik dago “Jaun” izena. Baina, aldi berean, gure kulturan ulertezina edo onartezina izan daiteke askorentzat.
Nola irten korapilo honetatik?
Eskerrik asko Luzio gai interesgarri hau mahai gainean jartzeagatik.
Ondo dago tradizioa balioan jartzea (ez dut erretorika hutsez esaten: tradizioan bizi gara eta tradizioak egiten gaitu) baina nire uste apalean testuinguru kulturalaren adierazpen den tradizioak ez luke oztopo izan behar asebetegarriagoak, askatzaileagoak eta egiazkoagoak diren formak lehenesteko.
Ez dut uste Jesusen tradizioarekiko leialtasuna horrelako gai batean ebazten denik. “Jauna” hitzak duen esanahi maskulinoarengatik fededunen elkartea deseroso sentituko balitz gaur (hipotetikoa erabiltzen dut: horrela balitz), eta erabiltzeari utziko balio, ez dut uste Jesusen tradiziotik urruntzen arituko litzatekeenik.
Baina orain zuzenketa bat egin behar diot nire aurreko komentario bati. Nirentzat nahiko angustiosoa zen Jauna hitzarekin deseroso sentitu litezkeenek euskal kristau tradizioan aukera hoberik ez izatea (Deus, Dios, Dieu-ren euskarazko ordainik ez izatea alegia), izan ere, esaten nuenez, alternatiba naturalena, “Jainko”, azken batean “Jaun goiko” da. Ba, hara, oker nengoen! (https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?option=com_ehhe&task=hiztegia&Itemid=1193&lang=eu-ES&mark=058a-)
Ez dirudi “Jainko” hitza “Jaun” edo “Jaun goiko”-tik eratorria denik. Hitzaren etimologia eta osaketari buruz zalantzak daude (*din edo *nin erroetatik osatua izan liteke), baina “jaun goiko” baino zaharragoa da, jatorrizkoa, hitz bereizia da: “Erronkariko kasua argigarria izan liteke: alde batetik xinko dago, , baina bestetik jangeiko, etab.”
Lasaigarria nire ustez. Jainko hitzak ez duelako generorik.
Eskerrik asko Xabier zure ekarpenagatik!!
Oso interesgarria “Jainko” hitzaren inguruan jarri duzuna. Nik ere ez nekien balizko etimologia hori. Eskerrik asko!
Nire gogoetaren ibilbidea ez da oraindik amaitu eta nik ere proposamen bat plazaratu nahi dut, baina pausuz pausu joango naiz.
Horrez gain, zure iruzkinean badago ertz bat baino gehiago eta horietako baten batek hitz-aspertua eskatuko luke kafe baten inguruan.