HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 6
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ni naiz egiazko mahatsondoa, eta nire Aita da nekazaria. Nigan fruiturik ematen ez duen aihena moztu egiten du Aitak, eta fruitu ematen duena garbitu eta kimatu, fruitu gehiago eman dezan. Zuek garbi zaudete dagoeneko, Nik adierazi dizuedan hitzari esker. Zaudete nigan, Ni zuengan bezala. Aihenak berez, mahatsondoan ez badago, fruiturik eman ezin duen bezala, zuek ere ez, nigan ez bazaudete. Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak. Norbait nigan badago, Ni harengan bezala, hark fruitu asko emango du; Ni gabe ezin baituzue ezer egin. Nigan ez dagoena kanpora botatzen dute, ebaki eta ihartzen den aihena bezala; gero, bildu, sura bota eta erre egiten dute. Nigan bazaudete eta nire hitzak zuengan badaude, eskatu nahi duzuena eta izango duzue. Honetan azaltzen da nire Aitaren aintza: zuek, nire ikasle izanik, fruitu asko ematean».
Joan 15, 1-8.

Zeinen ederki agertzen digun Jesusek bere bihotza! Aita da mahastilaria, zaintzen gaituen eta gure onena eman dezagun garbitu, kimatu eta “mimatu” egiten gaituen langilea. Jesus, mahatsondoa, enborra, sustraiak Aitarengan itsatsirik, Beragandik datorkion bizia zabaltzen duena. Eta Espiritu Santua izerdia, aihenak luzatu, hazierazi, eta fruitu ugariz betetzen dituena.
Pazko garaian alde guztietatik bizia Jesusengandik datorkigula adierazten ari zaigu. Guk, normalean, horretaz konturatzeko urteak behar izaten ditugu. Lehenik geure buruaz saiatzen gara, geure balioez, geure autonomiaz… geure baitakoak garelakoan. (Izan ere gaurko gure pentsakeran pertsona askatasuna lantzean eraikitzen da. Bibliako pentsakeran, ordea, Jainkoari bide emateak garatzen du pertsona). Horregatik, apurka, sarritan kostata, bizitzak kolpatuz, ohartuz goaz bizia harremanak damaigula, geure ahaleginek bide laburra dutela. Eta egunen batean konturatzen gara zenbat bizi galdu dugun, baina damuaren ordez, eskerrona baino ez zaigu sortzen: konturatzen garelako bide luze horretan zainduak, kimatuak, izan garela. Eta lehen fruitua horixe da: eskertze horretan bertan somatzen dugun bizia.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments