HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Maiatzak 5
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Bakea uzten dizuet, neure bakea ematen; Nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez beldur izan. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztuko zinatekete Aitagana noalako, Aita Ni baino handiagoa baita. Orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen. Ez dut jadanik luze hitz egingo zuekin, bai baitator mundu honetako buruzagia. Horrek ez du nire gain ahalmenik; baina munduak jakin behar du Nik maite dudala Aita eta Aitaren agindua bete egiten dudala».
Joan 14, 27-31a.

Zenbat aldiz aipatzen dugun bakea. Baina zer ote da Jesusen bake hori?
Zenbat aldiz jotzen dugun otoitzera bakea aurkitzeko! Bakea baretasuna, barne oreka, arazoak eta gatazkak kanpoan uztea bailitzan. Hori ote Jesusen bakea?
Beste zenbaitetan bakea eginkizun etiko bihurtzen zaigu, justizia eta askatasunaren aldeko borroka. Hortik ote doa Jesusen bakea?
Jesusen bakea bere Espirituak ematen digu, eta Jesus Berpiztuak eman digun bizi berriaren adierazle nabarmenetakoa dugu. Izan ere, Espiritu Santuak, Jesusen Espirituak, Jesusekin eta Aitarekin bat egiten gaitu, eta horrek guztiz aldatzen gaitu barne barnenetik, guztia bizipen berri honetatik biziaraziz.
Horregatik, egoerarik larrienean ere bakea dugu; beldurrak uxatu eta inoiz ez bezalako askatasuna nabari dugu. Badakigu hau guztia ez dela gurea, ez dugula guk sortu eta ez garela horretarako gai.
Eta hau ez dute pertsonaia handiek bizi, baizik eta txikienek, apalenek. Ez zaitu inoiz harritu gutxien esperoko zenukeen pertsonak egoera larrian halako sosegu edo ausardia agertzeak? Ez zaitu inoiz harritu lur-jota egon beharko lukeenak edo beldurrak irentsita, susmatu ezinezko askatasuna agertzeak?
Jesusen bakea gurekin dugu bizi-bizirik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments