Fededun euskaldunen biltzarra ospatu zen joan den martxoaren 14an, Arabako lautadaren erdian kokaturiko Estibalizko santutegian. Euskal Herri osoko eta belaunaldi desberdinetako hogeita hamar bat lagun elkartu ginen, ahoz aho, lagun eta ezagunen bitartez zabalduriko deialdiari erantzunez. Eskerrik asko eduki ugariz beteriko egitaraua antolatu zutenei.
Egun osoko jardunaldia izan zen, eta askorako eman zuen: elkar ezagutzeko, otoitzerako, hausnarketarako eta eztabaidarako, bazkari eder batez gozatzeko, Eukaristiarako… baita ekimenari izen berria emateko ere: Sinesgune. Eguneko eduki mamitsuena Jon Mentxakatorre galdakaotarrak prestaturiko gogoeta eta horren inguruko solasaldia izan ziren. “Kristau argitan euskaldun, gaur eta geroko eginbidean” izenburua daraman testua Hemen Aleak aldizkarian argitaratuko denez, ez dut orain xehetasunik aurreratuko. Argitaratzen denean izango dugu aukera berriz ere gaia hona ekartzeko, neuk edo nahi duen beste edonork. Soilik esango dut bi irakurketa egin dizkiodala nik neuk Mondragon Unibertsitateko irakasle eta ikerlariaren testu aberatsari: alde batetik, kristau euskaldunaren galeraren konstatazioa dakar testuak (Mentxakatorrek berak aitortu zigun saminetik idatzita dagoela, eta antzematen zaio); baina, aldi berean, kristautasun euskaldunaren balioaz jabetzen laguntzen digu. Fededun euskaldunaren inguruko kontakizun ederra iradokitzen du hamasei puntutan: bere txikitasunean esanguratsua izaten jarraitzeko borondatea duen izateko moduarena. Testu horretatik abiatuta, Mentxakatorrek berak emandako hitzaldian eta ondoren jasotako erantzunetan gogoeta aberatsa ehundu ziguten Estibalizera inguratu ginenoi.
Mendebaldeko beste leku askotan bezalaxe, sekularizazio prozesua ia muturreraino eraman dugu Euskal Herrian. Baina gure testuinguruko zenbait faktore historiko, sozial eta politiko tarteko, prozesu horrek —paradoxak paradoxa— kristaua omen zen lurralde honetan ia guztiz ahituta utzi du fedea euskaraz bizi duen gizarte zatia. Oso gutxi dira kristau euskaldunak, eta eliz elkartearen baitan euskaldunak saretzeko ahaleginak ere ahulak dira, oso (webgune xume honen irismen eskasa horren lekuko da).
Hori ez da berehala aldatuko, eta ez dugu agonian bizitzeko ez gogo ez federik: Estibalizko santutegian eguna amaitzeko ospatu genuen Eukaristiak gogorarazi zigun gure fedearen funtsa unibertsala dela. Gizateria osoa dago mahai bakarrera deitua, eta gure gizarteko zein mundu osoko pertsona guztiekin egiten dugu bat bertan. Baina “euskara gara” esaten dugunean, izate hori ere, beste guztiak bezala, Jainkoaren irudi dela gogoratzen dugu. Eta ontasun iturri hori ez agortzeko, txikitasunetik bada ere, erabaki zuhurrak hartu behar dira, ekimen egokiak martxan jarri, eta saiakuntzak zein zuzenketak egin, formula eraginkorrenekin asmatzeko. Euskaraz fedea bizi nahi duten pertsona apurrek elkar laguntzeko bideak aurkitu ezean, fedeak euskaraz hitz egiteari (eta, beraz, kantatzeari, otoitz egiteari, eskerrak emateari, anaitasunezko Erreinua zabaltzeari…) utziko dio. Eta hori, bake santuan eta dramatismorik gabe esanda, mundu osoaren kalterako izango da.
Zorionak guztioi!
Xabier, eskerrik asko jasotako kronikagatik. Oso ongi hurbiltzen digu Estibalizen bizitakoa eta, horren einean, fededun euskaldunen bizipen, kezka eta erronkak.
Izan ongi.
Eskerrik asko, Xabier, zure gogoetagatik!
Eskerrik asko SinesGune ekimen berriaren berri emateagatik!
Udaberrian gaude. Udaberria sasoi egokia da haziak ereiteko. Oro har, haziak ikusezinak dira udaberriko zelaietan, oso txikiak izateaz gain, lur-azpian geratzen baitira. Ez dakigu heltzera iritsiko ote diren; ez dakigu uzta oparoa, urria edo hutsala izango ote den.
Gauza bat ziurra da gizadiaren eskarmentu luzean: ez dago ereintzarik gabeko uztarik.
Gure erantzukizuna ereintza da; uzta, berriz, esperantzari lotzen zaio.
Eskerrik asko, Xabier, zure hitzengatik. Zeuk ondo diozun bezala, ahalegina da, denon artean egina, eta gure kulturatik egin nahi duguna. Ikusiko dugu norainoko irismena duen. Baina bitartean bizitzeko bidea egiten ari gara denok, erdi-agonian, baina gogotsu.