Beti gauza bera!
Animatzen gaituzu
gure erantzukizunak geure gain hartzeko,
gure ustez egin eta esatea nahi duzun hori
egin eta esan dezagun,
seme-alabatzat joka dezagun, alegia…
horrek gero aldean arazoak badakartza ere.
Zeren, kontura zaitez,
injustizia salatzen dugunean,
unean uneko agintariak gezurtitzat uzten gaituela,
eta astindu ederrak ere ematen dituztela;
gauzak bestela joan behar direla diogunean,
inuzente huts
edo gizartetik kanpora gauden erradikaltzat hartzen gaituztela,
handi uste hutsak bagina bezala;
eta zeure etxean hitz egiten dugunean
(bai, Jauna, zure etxean, zure Elizan ere bai)
ume edo tontotzat jotzen gaituztela
eta ez gaituztela ezertarako ere kontuan hartzen,
itxurak egite aldera,
jaramon egiten dutelako irudia egiten badute ere
(alda bedi aldatu behar dena,
ezer ere alda ez dadin!).
Eta hala, “harrikaturik” amaitu ohi dugu.
Kaltea handiagoa edo txikiagoa izango da,
baina “harrikaturik”:
zigortuta, ospe ona galduta eta neutralizaturik.
Baina hori Zuk ere badakizu, jakina,
orduan ere gauzak horrela zihoazen eta,
horrelakoak izan baitira beti.
Bada, hori guztia gora behera, animatu egiten gaituzu
gure ustez egin eta esatea nahi duzun hori
egin eta esan dezagun,
Haien jokoa agerian uztea nahi duzu
(“egin ditudan gauza ederretatik
zeinengatik harrikatu nahi nauzue?”)
eta konfiantza edukitzeko eskatzen diguzu,
gauzak bestela egiten baditugu,
zuk nahi duzun bezala, alegia,
egintza horiek berak nagusituko direlakoan.
Eskerrik asko,
zeregina ematen diguzunean,
erakusten diguzun konfiantzagatik:
seme-alaba esaten diguzu, hain zuzen ere,
eta itsu-itsuan obeditu gabe,
geure ekimenez jarduteko eskubidea eman.
Mila esker, noizean behin,
zutaz kontatu digutena
egia zela sentitu ahal dugulako.
Eskerrak, horri esker,
sinestea errazagoa egiten zaigulako.
Erakutsi bidea.
Eraman gaitzazu, beharrezkoa bada,
geure Jordanez beste aldera.
Jesus bezala zure seme-alaba mezulariak garela
sentitzen duguneko toki hartara, alegia;
toki horretatik abiatuko gara pozik
zure lekukoak izatera,
maite gaituen eta
gauzak bestela joatea
(hau da senidetasun, askatasun,
zuzentasun eta duintasunez)
nahi duen Aita-Ama onaren lekukoak izatera.
Maite zaitugu, Jauna.
Senti dezagula pozik
zuk ere maite gaituzuna.
0 Comments