Iturriak

2026 Api 20

Apirila euritsua dela dio esaerak eta gure aurrekoek errespetu handia zioten euriteari. Baserri bakarrak zein auzunekoak eraikitzean, leku altua eta eguzkibegia aukeratzen zen. Batetik urioletatik libratzeko eta bestetik eguzkiaz gozatzeko. Leku horretan, iturria zen beharrezkoa ura edateko eta urrun barik erreka bat ganaduentzat zein etxeko bogada-garbikuziak egiteko. Ura bizitza da. Ur mota ezbardinetako iturriak dauzkagu: haitz-ura, haitz barrurik harakoa; metal edo burdin-ura, burdin kolorekoa; uratsa, ur sulfurosoa; gesala, ur gaziduna; urberoa, ur beroa ematen duena. Iturriko ur batzuk edatekoak dira (analizatuta gero, jakina) eta beste batzuk osasungarriak eta bañuetxeetan erabiltzekoak. Zeberion, esaterako, bañuetxe bi egon ziren, bata Uratsen, urats iturrian eta bestea Gesalen, ur gazi iturrian. Txorro-iturria, denean, ura garbi dator, baina otsin-iturria denean, kontuz ibili behar da zein ganaduak apatxak sartu eta kontaminatu. Horregaitik, iluntzean, “abemariak” jo eta gero ekartzen zen iturriko ura, bedeinkatu egin behar zela esaten ziguten gure aurrekoek. Bedeinkatze mota bat berezia zen. Hauxe: surteko ilinti gori bat hartu eta gurutze bat egin ontzi-barruko iturriko urari. Gorbeiako pastoreek ere, iturburuko ura estaldu egiten zuten ur garbia edateko eta ubidetxu baten bidez beheragoan egin otsin bat ganaduentzat. Iturriak, bidebatez, topagune eta barriketa leku ere izan dira. Gogoratu “Maritxu nora zoaz…” abestia. Esaeren munduan sartuta, iturri bateko ur berbera edatetik omen dator nortasun-esaera  hau:  “Urak ematen dik horkoen izakera”. Baleiteke!

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.