HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Apirilak 20

Jesusek bost mila gizonezkoei, ase ziren arte, jaten eman ondoren, ur gainean oinez ikusi zuten Jesus ikasleek. Biharamunean, itsasoaz bestaldean zegoen jendea ohartu zen han txalupa bakarra izan zela, eta Jesus ez zela ikasleekin ontziratu, baizik eta hauek bakarrik joan zirela. Bitartean, beste zenbait txalupa etorri zen Tiberiadestik, Jaunak esker onezko otoitza egin ondoren ogia jan zuten ingurura. Jesus eta ikasleak han ez zeudela ikustean, jendea txalupetara igo eta Kafarnaumera joan zen, Jesusen bila. Itsasoaz bestaldean aurkitu zutenean, esan zioten: «Maisu, noiz etorri zara hona?». Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Nire bila zabiltzate, ez ezaugarriak ikusi dituzuelako, ogia asetzeraino jan duzuelako baizik. Ahalegindu zaitezte, ez galtzen den janariagatik, irauten duenagatik baizik, betiko bizia ematen duenagatik; hori Gizonaren Semeak emango dizue, bera egin baitu Jainko Aitak bere aginpidearen ordezkari». Orduan, galdetu zioten: «Zer egin behar dugu, Jainkoak nahi duena egiteko?». Jesusek erantzun zien: «Hau da Jainkoak nahi duena: berak bidali duenagan zuek sinestea».

Joan 6, 22-29.

Gaurko ebanjelioak gure fede-bizitzaren muinera garamatza eta galdera sakon bat jartzen digu bihotzean: zergatik bilatzen dugu Jesus? Jendeak Jesus bilatzen zuen, baina ez bere mezua ulertu eta jarraitu nahi zuelako, ezta berarengan benetan sinestu nahi zuelako ere. Berarengandik hartutako ogia baizik ez zuten nahi.  Egun ere arrisku bera dugu: Jainkoa bila dezakegu gure beharrak asetzeko balio dezakelakoan soilik, eta ez, ordea, berari lekua utzi nahi diogulako gure bizitzan.

Jesusek argi uzten du badagoela beste “janari” bat, galtzen ez dena, eta betiko bizira daramana. Janari hori behar bezalako fedea da, hau da, berak bidalitakoarengan sinestea. Horrek eskatzen du konfiantza, bihotz irekia eta eguneroko bizitzan bere hitza bizitzeko prestutasuna.

Hau dela eta, gaurko ebanjelioaren gonbita argia da: gure fedea nolakoa den aztertu behar dugu beti. Zein da Jesusengana hurbiltzera garamatzan motibazioa? Gure beharren (zein behar?) asetzea ala berari gure bizitza eskeini nahi izatea, horrela Jaunaren araberako gero eta perfektuago bihurtzeko? Benetako fedeak ez du soilik Jainkoarengandik ongiak jasotzea bilatzen, baizik eta Jainkoarengan oinar-oinarrizko konfiantza izatea, horrela, Jainkoaren borondatearen arabera bizi ahal izateko.

Jesusen aurrean gaurko pasartea hausnartu eta eskaiozu: “Jauna, erakutsidazu zugan benetako fedea izaten, eta zure hitza nire bizitzan eguneroko ogi bihurtzen.”

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.