HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 19
Egun hartan bertan, asteko lehen-egunean, Jesusen bi ikasle Emaus izeneko herrixka batera zihoazen, Jerusalemdik hamaika kilometrora. Jerusalemen gertaturiko guztiez mintzo ziren elkarrekin. Eta, hizketan eta eztabaidan ari zirela, Jesus berbera hurbildu zitzaien eta haiekin zihoan; haien begiak, ordea, itsu zeuden eta ez zuten ezagutu.
Jesusek esan zien: «Zertaz diharduzue hizketan bidean elkarrekin?». Haiek gelditu egin ziren, aurpegia ilun, eta bietako batek, Kleofas zeritzanak, erantzun zion: «Zu izango zara Jerusalemen egun hauetan gertatu dena jakin ez duen kanpotar bakarra!». Jesusek galdetu zien:
«Zer gertatu da, ba?». Haiek erantzun zioten: «Nazareteko Jesusi gertatua; profeta ahaltsua zen egitez eta hitzez Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure apaizburuek eta agintariek heriotzara kondenatu dute eta gurutzean josi. Guk uste genuen hark askatuko zuela Israel; baina bada hiru egun hori gertatu dela. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik utzi gaituztela; goizean goiz joan dira hilobira eta ez omen dute gorpua aurkitu; gainera, Jesus bizi dela esan dieten aingeruak agertu zaizkiela esanez etorri zaizkigu. Gutar batzuk ere izan dira hilobian, eta emakumeek esan bezala aurkitu dute; baina bera ez dute ikusi». Orduan, Jesusek esan zien:
«Bai zentzugabeak zaretela, bai motelak profetek esana sinesteko! Ez al zuen, bada, Mesiasek hori guztia sufritu behar, bere aintzan sartzeko?». Eta, Moisesengandik hasi eta profetaz profeta, Liburu Santuek hari buruz zioten guztia azaldu zien. Zihoazen herrixkara hurbildu zirenean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin zuen. Baina haiek arren eta arren eskatu zioten: «Geldi zaitez gurekin, berandu baita eta iluna gainean dugu». Eta herrian sartu zen haiekin gelditzeko. Haiekin mahaian zegoela, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta eman zien. Orduan begiak ireki zitzaizkien eta ezagutu zuten; baina Jesus desagertu egin zitzaien. Haiek elkarri esan zioten:
«Ez al genuen bihotza sutan, bidean hitz egiten zigunean eta Liburu Santuak azaltzen zizkigunean?». Eta berehala altxatu eta Jerusalemera itzuli ziren. Han Hamaikak eta hauen lagunak bildurik aurkitu zituzten, hau ziotela: «Piztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu zaio». Bi ikasleek bidean gertatua kontatu zieten eta nola ezagutu zuten ogia zatitzean.
Lukas 24, 13-35.

Nazareteko Jesus lurtarraren historia eta haren berpizkundea laburbilduta daude gaurko testu honetan.
Jesusen historia eta Jesusen berpizkundea, biak ala biak, kristau fedearen giltzarriak dira eta Elizaren oinarria. Giltzarri horietako bat kenduz gero, kristautasun osoa urardotzen da, bai etika (Jesusen ereduzko historia), bai espiritualtasun biluzi eta mamirik gabe bihurtuta.
Hona hemen kristau aldarrikapen iraultzailea: “Jesus bizi da”. Orain bizi da, gure artean bizi da, gure bideetatik dabil, nahiz eta gure begiak itxita egon. Berpiztua, ordea, gurutziltzatua da. Berpiztuak jentilen Galileara joatera gonbidatzen gaitu, hots, gurutziltzatuen lurraldera.
Historiaren oroimena eta berpizkundearen bizipena dira kristau komunitatearen bizian eta haren ospakizunean gaurkotzen ditugunak.
“Jesus bizi da”!!! Aleluia, aleluia, aleluia.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments