Nola izendatu izendaezina? (3) Jauna

2026 Api 13

Ziur aski, egiak hegi asko ditu. Aurreko gogoeta egiaren hegi bada ere, ez da hegi bakarra, ez da egia guztia. Hasteko, nire hitza erabili beharrean, bi euskal pentsalariren hitzak aldatuko ditut, niri, behinik behin, zer pentsatua ematen baitidate.

 “Lagun batek esan dit Jainko hitza ez duela atsegin (…). Jaun eta goi ez zaizkio, nonbait, bizitzaren iturriari lotzeko irudirik sinesgarrien. Hala da niretzat ere. Baina biok ziurrenik, hitz hori ahoskatzen dugunean badakigu anaiaren (Jesusen)[1] Tradizioan hitz hori erabili duten belaunaldi euskaradunen hotsean garela txertatzen, eta haien hotsa dugula hitz egiteko modu, eta ‘modua’ modu dela, irudi kaxkarrez egindako egia-ispilu. Eta hala, Jainko esatean, hain juxtu, betetzen ez gaituzten silaba horien deserosotasunean jakitunago gara egiten ari garen irudi-ariketaz, eta horrexegatik paradoxikoki jakitunago hitzaren beraren balioaz: Jainko. Izendaezina izendatzean, zenbat eta apalago, gertuago sentitzen gara, eta izendaezinaren aurrean apaldu ezin dugunez, izenaren aurrean apaltzen gara, ariketaren aurrean, betetzen ez gaituen hitzaren aurrean. Apur bat uko egiten diogu azken modako pentsabideen araberako kontzeptu erakargarriagoen bidez izendatzeari, gure ahalmentxo metaforikoa erabiltzeari.” (Jon Sarasua)[2].

“Kontuz, ordea. Zerotik hasierarik ez dago adimenaren praktikan. Jainkoaren kontzeptua gaur ez dugula ulertzen, eta zer den (berriro) ulertzeko, hoberena, Jainkoa zeharo ahaztu, ezabatu eta munduari begiratzen zerotik (berriro) hastea genukeela postulatzea, abiagune ideal bat irakurtzea da, Jainkoaren ideiarekin edukia(k) bere genesiaren arabera atzemateko, gizakiak mundua begi oraintxe lehenbizi irekiberriz (sic)hautemateko ahalmen gardena duela suposatuz.” (Joxe Azurmendi)[3].

[1] Neuk erantsia

[2] ARREGI, JOXE. (2007). Jainkoaz Galdezka. 40 euskal idazleren erantzunak. Irun: Alberdania, 216. or.

[3] AZURMENDI, JOXE. (2009). Azken egunak Gandiagarekin. Adiskidearen heriotzaren aurrean bakarrizketak. Donostia: Elkar, 137. or.

Oihartzunak (2 oihartzun daude)
L

2 Comments

  1. “Jaun” hitzak sortzen duen gizakiaren menpekotasun edo dependentzia hori oso esanguratsua da. Espiritualki aberatsa. Eta kontrakulturala, bai: kontraesana sortzen du kultura nagusiarekin, baina hori gauza ona da.
    Ez al da hitzaren arazo nagusia gaur beste bat? Izenari darion maskulinitate izaera alegia? Jainko izenak ezkutatu egiten du neurri batean izaera hori, baina “jaun goiko” da azken batean… Esango nuke hori dela gaur egun izenaren ahultasun nagusia baita fededunentzat ere…

  2. Bai, Xabier, arrazoi osoa duzu zure gogoetan. Generoaren kontua oso azpimarkatuta dago “Jaun” izen horretan eta gaur egun arazoa dakar; hortaz, erabiltzearen alde negatiboan jarri beharko genuke generoaren kontua.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.