HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 13
Bazen fariseuen taldean Nikodemo izeneko gizon bat, juduen buruzagietakoa. Honek gauez Jesusengana etorri eta esan zion: «Maisu, badakigu Jainkoak guri irakasteko bidali zaituela; inork ez baitezake egin Zuk egiten duzun ezaugarririk, Jainkoa berekin ez badu». Jesusek erantzun zion: «Egi-egiaz diotsut: Ezin du inork Jainkoaren erreinua ikusi, berriro jaiotzen ez bada». Nikodemok galdetu zion: «Nola jaio daiteke norbait, zaharra izanik? Sar ote daiteke amaren sabelean eta berriz jaio?». Jesusek erantzun zion: «Egi-egiaz diotsut: Ezin da inor Jainkoaren erreinuan sartu, uretik eta Espiritutik jaiotzen ez bada. Gizakitik berez jaioa gizaki da, Espiritutik jaioa espiritu. Ez harritu berriro jaio behar duzuela esan dizudalako. Haizeak edonondik jotzen du, eta entzuten duzu haren hotsa, baina ez dakizu nondik datorren, ez nora doan. Gauza bera gertatzen da Espiritutik jaio denarekin».
Joan 3, 1-8.

Nikodemoren pasartean, Joanen komunitateak fedeari buruzko katekesi bat eskaintzen digu.
Zertan datza Jesusengan sinestea?
Fede mota asko daude eta, zalantzarik gabe, Nikodemo sinestedun petoa zen, goi-mailako pertsona erlijiosoa eta guztiz aditua.
Baina, agidanez, Nikodemoren fedea zalantzaz josita zegoen, ilunetan nonbait: gauez joan zitzaion Jesusi.
Bion arteko elkarrizketa espiritualean, bi logika kontrajarri ziren. Nikodemok jakin nahi zuen zer egin zalantzak argitzeko; zintzoki, bere fede-ibilbidearen subjektua izan nahi zuen. Jesusen proposamena beste bide batetik doa –Nikodemoren kasuan eta edozeinenean–: berriro jaiotzea. Jaiotza ez da pertsonaren jardueraren fruitua, alderantziz baino, pertsona bera da jaiotzaren fruitua. Nolabait, Jesusek proposatu zion (digu) hustea, desatxikitzea, bizitzaren protagonista izateari uztea, pasibotasuna, Espirituari lehentasuna ematea.
Fedea grazia da, dohaina, jasotzen den zerbait.
Gure helburuen, ekintzen eta jardueren lilurak iraungitzen bazaizkigu eta zalantzen gauean sartzen bagara, kikildu beharrean, animatuko ahal gara Jesusi galdetzera ea zertan datzan Berarengan sinestea!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments