HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 4
Larunbata igaro eta asteko lehen-eguna argitzean, Maria Magdalena eta beste Maria hilobia ikustera joan ziren. Bat-batean, lurrikara handia izan zen; Jaunaren aingeru bat zerutik jaitsi zen eta, hurbildurik, harria irauli zuen eta gainean eseri. Tximista zirudien, eta elurra bezain zuria zuen soinekoa. Zaintzaileak beldurrez dar-dar eta hilda bezala gelditu ziren. Aingerua emakumeei mintzatu zitzaien:
«Zuek ez beldur izan. Badakit, Jesus gurutziltzatuaren bila zabiltzatela. Ez dago hemen; piztu da, berak esan bezala. Zatozte eta ikusi ezarria egon zen lekua. Zoazte bizkor haren ikasleei esatera: “Piztu da hilen artetik eta zuen aurretik joango da Galileara. Han ikusiko duzue”. Hau da esan behar nizuena». Hilobitik arin-arin alde egin eta, ikaraz baina poz-pozik, lasterka joan ziren ikasleei berri ematera. Hartan, Jesus atera zitzaien bidera eta agur egin zien. Emakumeek, hurbildurik, oinak besarkatu zizkioten eta gurtu egin zuten. Orduan, Jesusek esan zien: «Ez beldur izan! Zoazte eta esan nire senideei Galileara joateko. Han ikusiko naute».
Mateo 28, 1-10.

Ostiraleko Nekaldiak dena ilunpean laga zuen. Hilobirako bidean jarri ziren emakumeak eguna argitzen zela ikusi zuten. Jesusen jarraitzaileen artean, emakumeak dira hilobira hurbiltzen diren bakarrak. Beste ikasle batzuk Emauseko bidea hartu zutela eta beste batzuk, ordea, giltzapeko gela baten zeudela jakin badakigu. Emakumeak Jaunari egin ahal zioten azken omenaldia egitera hurbiltzen dira eta bertaratzen direnean, itxaropena hankaz gora jartzen zaie eta konfiantza berpiztu. Itxaropena eta konfiantza berrituak, arin-arin doazela ere, Jesusekin topo egiteko ahalmena berreskuratzen die. Eta beldur barik, hau da, fede osoz – ebanjelioarentzat fedearen areriorik nagusia beldurra delako – Jesusengandik jasotako agindua betetzera doaz. Eta euren konpromezua posible egiten du Jesusen berpizkundearen Berri Ona, mundu osora zabaltzea, gureganatu arte. Jesusen Nekaldia, gurutziltzatuenganako hurbiltasunaren adierazle bada, emakumeek jasotako aginduak itxaropena eta konfiantzaren Berri Ona da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments