HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 2
Pazko-jaia gainean zen. Jesusek, mundu hau utzi eta Aitagana joateko ordua iritsi zitzaiola jakinik, munduan ziren beretarrak maite izanik, azkenean bete-betean maitatu zituen. Afaltzen ari ziren. Ordurako deabruak sartua zion buruan Simon Iskarioteren seme Judasi Jesus saltzeko asmoa. Jesus, Aitak dena bere esku jarri ziola, Jainkoagandik etorria zela eta Jainkoagana zihoala jakinik, jaiki zen mahaitik, erantzi zuen soingainekoa eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen; gero, ontzi bat urez bete eta ikasleei oinak garbitzen hasi zitzaien, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen. Simon Pedrogana iritsi zenean, honek esan zion: «Jauna, Zuk niri oinak garbitu?». Jesusek erantzun zion: «Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen; geroago ulertuko duzu». Pedrok berriro: «Zuk ez didazu niri sekula oinik garbituko». Jesusek erantzun: «Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango». Simon Pedrok esan zion: «Jauna, orduan oinak ez ezik, baita eskuak eta burua ere». Jesusek erantzun zion: «Garbitua hartu duenak ez du oinak baizik garbitu beharrik, erabat garbi baitago; eta zuek garbi zaudete, baina ez denok». Izan ere, bazekien nork salduko zuen; horregatik esan zuen: «Ez zaudete denok garbi». Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: «Ulertzen al duzue egin dizuedana? Zuek Maisua eta Jauna deitzen didazue, eta ongi deitu ere, halaxe naiz eta. Beraz, Nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere elkarri oinak garbitu behar dizkiozue. Jarraibide eman dizuet, zuek ere Nik zuekin bezalaxe joka dezazuen».
Joan 13, 1-15.

Ostegun santua Pazko Hirurrenaren atea dugu. Eta ez edozein modutako atea. Ebanjelioaren beste ataletan ikusi dugu Jesus Legea betetzera zetorrela adieraziz. Legea beren betera eramatera, eta ez legea huts bihurtzera zetorrela esaten du, Mateoren ebanjelioan. Eta gaurko honetan, “azkenean bete-betean maitatu zituen” adierazten du Joanek. Jesusen “betetzea” zertan datzan argitzen digu. Aste Santuko giro honek “betetzea” zer den guretzat argitzeko aukera luzatzen digu. Askotan “bete” zorroztasunarekin lotzen dugu. Legea “bete”, Aste Santuarekin “bete”, bizitza “betea” izatea, agindutakoa zorroztasunez “betetzearekin” lotu dezakegu. Aginduak gure burutik kanpo daudenak izan ahal dira baina baita gure buruari jartzen dizkiogun aginduak, noski. Jesusentzat “betetzea”k maitasunarekin du zerikusia. Maitasuna da bete-betean bizi behar duguna. Hori da gaurko gonbitea. Ostegun Santuak Jesusek oinak garbitzen dituen afari hura dakar, eta betirako geratuko den afaria da, astero ospatzen duguna, elkartea bildu eta ogia zatitu eta partekatu egiten dugun eukaristia bakoitzean.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments