HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Apirilak 1
Aldi hartan, Hamabietako batek, Judas Iskariote zeritzanak, apaizburuengana joan eta esan zien: «Zenbat agintzen didazue, Jesus zuei eskura emateagatik?» Haiek zilarrezko hogeita hamar txanpon agindu zioten. Orduz gero, Jesus haiei eskura emateko egokiera bila zebilen Judas. Legamiagabeko Ogien Jaiko lehen-egunean, ikasleek Jesusengana hurbildu eta galdetu zioten: «Non nahi duzu pazko-afarirako prestaketak egitea?». Jesusek erantzun zien: «Zoazte hirira, halakoagana, eta esaiozue: “Maisuak dio hurbil dela beraren ordua, eta zuen etxean ospatu nahi duela Pazkoa ikasleekin”». Jesusek agindu bezala egin zuten ikasleek, eta pazko-afaria prestatu zuten. Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus hamabi ikasleekin eta, afaltzen ari zirela, esan zuen: «Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau». Ikasleak, oso goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion banaka:
«Nik ote, Jauna?». Hark erantzun: «Nirekin plater beretik jaten ari den batek salduko nau. Gizonaren Semea badoa, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz». Orduan, Judasek, salduko zuenak, galdetu zion: «Ni al naiz, Maisu?». Jesusek erantzun zion: «Zeuk esan duzu».
Mateo 26, 14-25.

Judutarrentzat Pazko afaria, askatasunaren ospakizun eta oroitzapena zen; askatasuna ospatzen eta oroitzen jarraitzen dute. Jainkoak bere herriarekiko duen lotura, konpromezu eta fideltasunaren seinale da, hain zuzen. Ez da Jainkoagandik urrun geratzen herriek jasaten dutena: “ikusi dut atsekabea, entzun dut herriaren oihua, ohartu naiz haien oinazeaz” (Ikus Ir 3). Jesus bere ikasleekin mahaira jarrita, Pazko ospakizun hau, fideltasunaren puntako adierazle bihurtzen da. Fideltasuna ez da perfekzioan oinarritzen. Fideltasuna, beti fidel denaren ezaugarria da. Eta Jaungoikoak ez du ezer behar fidel jarraitzen izateko. Bere izana baino ez da. Horregatik Jainkoari Jainko izaten laga behar diogu. Bere izanaren ezaugarriak ez dizkiogu txikitu behar. Haundia da bere kreazioarekiko fideltasuna, ez dezagun fideltasun hori gure merituekin murriztu. Handi izaten laga diezaiogun Jaungoikoaren fideltasunari bera bezalakoak izateko gogoaz.
Gaurko ebanjelioan fideltasunaren irakaskuntza jasotzen dugu.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments