HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 31

Aldi hartan, ikasleekin mahaian eseria zegoela, larritu egin zitzaion Jesusi barrua, eta argi adierazi zien ikasleei: «Egi-egiaz diotsuet: Zuetako batek salduko nau». Ikasleak elkarri begira jarri ziren, zeinez ari zen asmatu ezinik. Ikasleetako bat, Jesusek hain maite zuena, haren ondo-ondoan zegoen mahaian. Simon Pedrok keinu egin zion, zeinez ari zen galdetzeko adieraziz. Hark, burua Jesusen bular gainean jarriz, galdetu zion: «Zein da, Jauna?». Jesusek erantzun zion: «Ogi-puska busti hau emango diodana, huraxe da». Eta ogi-puska bustiz, Judasi, Simon Iskarioteren semeari, eman zion. Eta ogi-puskarekin batera Satanas sartu zitzaion barrura. Orduan, Jesusek esan zion:

«Egin behar duzuna egizu berehala». Mahaikideetako inork ez zuen ulertu zergatik esan zion hori. Judasek diru-poltsaren ardura zuenez, zenbaitek uste izan zuen jairako behar zena erosteko edota behartsuei zerbait emateko esan ziola. Judas ogi-puska hartu eta berehala atera zen. Gaua zen. Atera zenean, esan zien Jesusek: «Oraintxe agertuko da Gizonaren Semearen aintza, eta haren bidez Jainkoarena. Jainkoaren aintza haren bidez agertzen bada, Jainkoak ere bere aintzaz beteko du hura, eta berehala gainera. Semetxook, oraintxe ez nago luzarorako zuekin. Nire bila ibiliko zarete, baina juduei esan niena bera esaten dizuet zuei ere: “Ni noan tokira, zuek ezin zarete joan”». Simon Pedrok galdetu zion: «Jauna, nora zoaz?». Jesusek erantzun: «Ni noan lekura zuk ezin didazu jarraitu orain niri; geroago bai, jarraituko didazu». Pedrok esan zion: «Zergatik ezin dizut jarraitu orain? Neure bizia emango dut zugatik». Jesusek erantzun zion: «Zeure bizia emango duzula nigatik? Egi-egiaz esaten dizut: Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu».

Joan 13, 21-33. 36-38.

Jesus gaur ere mahai baten inguruan aurkitzen dugu. Mahai honek gizatasunaren aniztasuna adierazten du. Gizatasunaren jarreren katalogoa balitz bezala. Begiratu dezagun agertzen direnen artean bat. Ziurrenik entzun, entzun dugu, Jesusek emakumeenganako izan zuen jarrera berria izan zela. Bere garaiarekiko nolabaiteko haustura agertu zuen. Beste arlo batzuetan ere horrela izan zen. Beharbada gizon izateko ereduarekiko eran berritasunen bat adierazi zuen. Irakurgai honetan, mahai inguru honetan, azken afaria izango den honetan, Jesusen nobedadea berak hain maite zuen ikaslearengandik igarri dezakegu. Ikasle hau gizonen kokaleku ez ohikoetan agertzen da ebanjelioan, hiru aldiz, behintzat. Dizipulu hau Jesusengandik oso hurbil egon zen, gutxienez bi unetan. Mahai honen bueltan, Azken afarian, hain zuzen. Jesusen sorbaldan etzanda, nork traizionatuko ote zuen galdetu zion. Mahaikideek ez dute horrelakorik egiten: ez dira Jesusengana hurbiltzen eta ez dira zuzenean galdetzera ausartzen. Eta bigarren unea, gurutzearen oinean, bera eta Maria, Jesusen ama, Jesusen ondoan geratu ziren, hilobira eraman zuten arte. Jesusen taldeko gainerako gizonak Jesusengandik urrun zeuden bitartean, bera gertu geratu zen, ama bezala. Zein da Jesusengandik jasotzen dugun gonbitea mahai honetan jartzerakoan?

Marisabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.