HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 29

Juduen erregea al zara Zu?

 Aldi hartan, Pontzio Pilato Gobernariaren aurrera aurkeztu zuten Jesus. Gobernariak galdetu zion:

S «Juduen erregea al zara Zu?».

K Jesusek erantzun zion:

† «Zeuk diozu».

K Apaizburuak eta herriko zaharrak salatu eta salatu ari ziren Jesusen aurka, baina hark ez zuen hitzik erantzuten. Pilatok esan zion:

S «Ez al duzu entzuten zenbat gauza ateratzen duten zure kontra?».

K Jesusek salakuntza bakar bati ere ez baitzion erantzunik ematen, zeharo harriturik zegoen Gobernaria. Pazko-jai guztietan preso bat askatzeko ohitura zuen Gobernariak, herriak nahi zuena. Bazen orduan preso sonatu bat, Barrabas zeritzana. Herria bildu zenean, Pilatok galdetu zien:

S «Nor nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias delakoa?».

K Bai baitzekien bekaitzez emana ziotela Jesus. Auzitegian eseririk zegoela, emazteak mandatu hau bidali zion:

S «Ez egin ezer errugabe honi; asko sufritu dut bart ametsetan hori dela eta».

K Baina apaizburuek eta herriko zaharrek jendea berotu zuten, Barrabasen askapena eta Jesusen heriotza eska zitzan. Gobernariak berriro galdetu zien:

S «Bietako zein nahi duzue askatzea?».

K Haiek erantzun:

S «Barrabas».

K Pilatok esan zien:

S «Eta zer egin behar dut Jesusekin, Mesias delakoarekin?»

K Denek erantzun zuten:

S «Josi gurutzean!».

K Eta hark:

S «Zer oker egin du, bada?».

K Haiek, gero eta deiadar handiagoz:

S «Josi gurutzean!».

K Pilatok, dena alferrik zela eta gainera iskanbila sortzera zihoala ikusirik, ura hartu eta eskuak garbitu zituen jendearen aurrean, esanez:

S «Ez naiz gizon honen heriotzaren erantzule. Zeuek ikusi!».

K Herri osoak erantzun zuen:

S «Gu eta gure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule!».

K Orduan, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haiei eskura eman zien, gurutziltza zezaten.

Agur, juduen erregea!

 Gobernariaren gudariek jauregira eraman zuten Jesus eta gudari-talde osoa bildu zuten haren inguruan. Soinekoak erantzi eta purpurazko kapa jantzi zioten. Arantzaz eginiko koroa ezarri zioten buruan eta kanabera eskuan. Eta, aurrean belaunikaturik, iseka egiten zioten, esanez:

S «Agur, juduen erregea!».

K Listua botatzen zioten eta, kanabera kendurik, buruan jotzen zuten. Nahiko iseka egin ondoren, kapa kendu eta bere soinekoak jantzi zizkioten. Gero, gurutzean jostera eraman zuten.

Jesusekin batean bi gaizkile gurutziltzatu zituzten.

 Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Simon zeritzana, eta Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten. Golgota izeneko lekura iritsi zirenean –Golgotak «Buru-hezur» esan nahi du–, behazunez nahastutako ardoa eman zioten edatera; Jesusek dastatu zuen, baina

ez zuen edan nahi izan. Gurutzean josi zutenean, gudariek Jesusen jantziak banatu zituzten, zotz eginez, eta han gelditu ziren eserita hura zaintzen.

Buruaren gainaldean kondenazioaren arrazoia ipini zuten idatzia: HAU JESUS DA, JUDUEN ERREGEA. Jesusekin batean bi gaizkile gurutziltzatu zituzten, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

Jainkoaren Seme baldin bahaiz, jaits hadi gurutzetik!

 Handik igarotzen zirenek iraindu egiten zuten Jesus, buruari eraginez eta esanez:

S «Santutegia desegin eta hiru egunean berriro eraikitzen omen huen horrek, salba ezak heure burua, Jainkoaren Seme baldin bahaiz! Jaits hadi gurutzetik!».

K Era berean, apaizburuek, lege-maisuek eta herriko zaharrek ere burla egiten zioten, esanez:

S «Besteak salbatu dizkik, eta bere burua ezin salbatu. Israelgo erregea omen duk; jaits dadila orain gurutzetik, eta sinetsiko diagu beragan. Jainkoagan jarria dik uste ona; libra dezala orain, maite baldin badu; ez zian, ba, esaten Jainkoaren Semea zela?».

K Berarekin gurutzean josirik zeuden bi gaizkileek ere irain egiten zioten.

Eli, Eli, lema sabaktani.

 Eguerditik hirurak arte, ilundu egin zuen lurbira osoan. Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan zuen:

† «Eli, Eli, lema sabaktani»,

K hau da:

† «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?».

K Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten:

S «Eliasi deika ari duk».

K Berehala, haietako batek, lasterka joan, ozpinetan bustitako belakia hartu eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion. Besteek, ordea, zioten:

S «Egon, ea datorkion Elias salbatzera».

K Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

(Hemen, belauniko jarri eta egonalditxo bat egingo da.)

Orduan, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren; hilobiak ireki eta hilik zegoen santu asko piztu egin zen. Hauek, beren hilobietatik atera eta, Jesus piztu ondoren, hiri santuan sartu ziren eta jende askori agertu zitzaizkion. Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta harekin Jesus zaintzen zeuden besteek, beldurrak jota, esan zuten:

S «Benetan, Jainkoaren Semea zen hau».

Mateo 27, 11-54.

JesuKristoren Nekaldiaren aurrean gaude Erramu Igande honetako irakurketan. Kristau fedearen erdigune-erginean toki inportante bat eduki behar du gertakari honek. Kontraste ezin handiagoaren aurrean jartzen gaitu: sarrerako “Hosanna” oihuetatik gurutzearen “Gurutza ezazu!” oihuetarako igarobide mingarria.

Pilatoren aurrez-aurre, Jesusek ez zuen bere burua defendatu nahi izan. Pilatoren “Zu al zara juduen erregea?” delako galderari erantzun ezin laburragoa eman zion “Zuk diozu” delakoa botata. Isiltasun honek baina, ez du ahultasunarekin inongo loturarik, barru-barrutik darion autoritate sakonatasunetik ari da Jesus hemen. Hein horretan, zera esan genezake, Jesus ez dela gertakari honen biktima hutsa, baizik eta Egiaren alde are bere burua eskaintzeko ere prest dagoena.

Bere Erreinua ez dago lurreko gure botere eskemekin lotuta. Guztiz bestelakoa da, Egiari fidela izatearekin du zerikusirik.

Barrabas ala Jesus? eta azkenerako, Barrabas askatzen dute eta Jesus, berriz, kondenatu. Gertakari hau sinbolo indartsua da. Barrabas indarkeriarekin lotutako pertsona da; Jesus, aldiz, beste muturrean dago, indarkeriarik gabeko Mesias dugu. Historian zehar ezin konta ahala aldiz ikusitako irudiaren aurrean gaude hemen: errealitatea eraldatzeko zeren alde egin, indarkeriaren alde ala maitasunaren alde?

Mateoren pasarte honetan erabaki kolektiboaren pisua ere ondo azpimarratua geratzen da: fedearen aurrean ez dago neutraltasunik.

Ez dute aurrez-aurre duten Mesias ulertzen eta Berari burla egitea erabakitzen dute azkenean: “Besteak salbatu ditu; bere burua ezin du salbatu”. Ironia sakona antzeman dakioke esaldi horri; nolatan, bada, besteak salbatu nahi baditu ez du bere burua salbatuko? Alabaina, Jainkoak ematen digun askatasun eta maitasunean aurkituko dugu ironia hori disolbatzeko gakoa. Eta maitasun hori eta guri aitortutako askatasuna, bide onetik ala txarretik baliatzeko dugun askatasun hori, Gurutzean bertan aurki dezakegu; hor ez dago mendekurik, ez indarrezko inposaketarik, baizik eta maitasun eta erabateko errukia.

“Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?Jesusen oihua (22. salmoaren hasiera) ez da desesperazio hutsa, otoitza da. Hemen ikusten da ezin argiago Jesus bizitzen ari den sufirmendu sakona. Jainkoaren Semeak ez dio kanpotik begiratzen minari, bere larrutan bizi du, barru-barrutik bizi du. Jainkoa ez dugu sufrimenduaren ikusle, Gurutziltzatuarengan Berarengan dago ezin esanezko min hori.

Jesusen heriotzaren unean, tenpluko errezela bitan urratzen da. Jainkoaren eta gizakiaren arteko distantzia hautsi da betiko, sakratuaren eta profanoaren arteko bereizketa gainditu da betiko. Gurutzea ez da inondik ere porrota, guztiz bestetara baizik: Itun Berriaren hastapena dugu.

Pagano baten ahotik datorren “Benetan, hau Jainkoaren Semea zen” delako esaldiak zera jartzen du ezin argiago agerian: gurutzean agertzen da sakoneraino Jesusen giza nortasun mugagabea, jada ez mirari handietan, ez garaipen politikoan, baizik eta azkeneraino eramandako maitasun fidel eta sufrituan.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.