HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 28

Aldi hartan, Maria ikustera joandako judu askok, Jesusek Lazarorekin egina ikustean, harengan sinetsi zuen. Haietako batzuek, ordea, fariseuengana joan eta Jesusek egin zuena kontatu zieten. Orduan, apaizburuek eta fariseuek Batzarra bildu zuten, eta esan: «Zer egin? Gizon hau ezaugarri asko egiten ari da. Horrela jarraitzen uzten badiogu, denek sinetsiko dute honengan, etorriko dira erromatarrak eta suntsitu egingo dizkigute bai tenplua eta bai herria». Batzarkideetako batek, urte hartan apaiz nagusi zen Kaifasek, esan zien: «Zuek ez dakizue ezer. Ez al zarete konturatzen hobe duzuela gizon bat herriagatik hiltzea, herri osoa galtzea baino?» Kaifasek ez zuen hori bere kabuz esan; baizik eta, urte hartan apaiz nagusi zenez, profeta bezala hitz egin zuen, Jesus herriaren alde hilko zela adieraztean; eta herriaren alde ez ezik, baita sakabanaturik zeuden Jainkoaren seme-alabak elkartzeko ere. Eta egun hartan, Jesus hiltzea erabaki zuten. Horregatik, Jesus ez zen agerian ibiltzen juduen artean. Basamortu ondoko bazter batera alde egin zuen, Efraim izeneko herrira, eta han egon zen ikasleekin. Juduen Pazkoa gainean zen, eta herrialdeko jende asko Jerusalemera igo zen Pazkoa baino lehen, garbikuntzak egiteko. Jerusalemera etorriak Jesusen bila zebiltzan eta, tenpluan topo egitean, galdetzen zioten elkarri: «Zer deritzozue? Ez ote da jaietara etorriko?». Apaizburuek eta fariseuek agindua zuten, baldin inork Jesus non zen jakiten bazuen, sala ziezaiela, atxilotu ahal izateko.

Joan 11, 45-57.

Jesusen erailketa aurreikus daiteke pasarte honetan. Judutar horiengan erabakia zer nola joan zen egosten ikus daiteke. Arazo larri-larria ikusten dute jada Jesus eta bere ibilbidean. Harrigarria dugu kontua, ezen, aurreko eguneko pasartean deskribaturiko eztabaidari erreparatzen badiogu, zera eman dezake, eskandalu zeritzoten Jesusen Jainko semetasunaren aitortzak Bera baztertzera eta guztiz mespretxatzera bultza zitzakeela, gehienera jota, baina ez inondik ere Berari heriotza ematera. Bigarren asmo hau baina gailendu zen euren baitan. Honek erakusten du Jesus, Berarengan sinetsi zein ez, jende asko eta asko biltzen ari zela berera, izugarrizko erakarpena sortzen ari zela jendearen bihotzetan. Hainbesteraino, non judutarren erlijiotasunaren inguruan eraikitako botere sistema guztia kulunka zezakeela pentsatu baitzuten. Ordurako jada eraman ezin zitzaien Jesus, eta Bera den Egia guztiz ukatzen bazuten ere, ezin argiago zekusaten bere indar baztergabea herrian.

Jesus den Egia eraldatzaileak are sinesduna ez den hori ere bilakarazi dezake besteengan ikus daitekeenaren lekuko. Hemen zinezko fedearen gako ezin inportanteago bat azpimarratu behar dugu: sinesmenak eraldatu beharko gintuzke guztiz. Gure fruituengatik izan beharko litzateke haztagarria gure fedea, gure kanporako jarreran eta ekintzetan antzemangarria alegia, eta ez soilik aitor dezakegun horretan. Horri dagokionez, pasarte honek dakarkigun argazkiari ezin iradokigarriago iritzi beharko genioke: sinesmen sendo-sendoko herritar guztiz eraldatuak, bateko, eta, besteko, Jesusenganako sinesmenik gabe, ideologia huts bilakarazia zuten horretara beren burua emanda bizi ziren fariseuak.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.