HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 27
Aldi hartan, juduek berriro harriak hartu zituzten Jesusi harrika egiteko. Jesusek esan zien: «Egintza onik asko egin dut zuen aurrean Aitaren izenean; horietako zeinengatik egin nahi didazue harrika?». Erantzun zioten: «Ez zaitugu egintza onak egiteagatik harrikatu nahi, birao egiteagatik baizik; gizaki izanik, zeure burua Jainko egiten duzulako». Jesusek erantzun zien: «Ez al dago idatzirik zuen Liburu Santuan: “Nik esan dut: jainko zarete”? Beraz, Jainkoak “jainko” esaten die bere hitza zuzendu zienei, eta Liburu Santuak esana ukaezina da. Nolatan diozue, bada, Nik, Aitak sagaratu eta mundura bidali nauen honek, birao egiten dudala, Jainkoaren Seme naizela esateagatik? Nire Aitaren egintzak egiten ez baditut, ez sinetsi niri; baina egiten baldin baditut, niri sinesten ez badidazue ere, sinetsi egintzei. Horrela, behin betiko jakingo duzue Aita nigan dagoela eta Ni Aitagan». Berriz ere atxilotu egin nahi izan zuten, baina ihes egin zien eskuetatik. Berriro Jordanez beste aldera joan zen Jesus, garai batean Joan bataiatzen ari izan zen lekura. Han gelditu zen aldi batez, eta jende asko joaten zitzaion. Hau zioten: «Joanek ez zuen ezaugarririk batere egin, baina hark honetaz esan zuen guztia egia zen». Eta han askok sinetsi zuen Jesusengan.
Joan 10, 31-42.

Jesusek bere buruari aitortuko dion Jainko semetasunean dago pasarte honetan ageri den gatazka. Hor zegoen juduek Jesusen aurka egiteko benetako zergatia. Jesusen egin handiek, askotan guztiz sinesgaitzak izanik ere, berdin zitzaizkien. Jesusen semetasunak ez zien beste edozeren kexu egoteko tokirik uzten. Egintzak egintza, eurek ez zioten inondik sinetsi, berenean zeuden itxi-itxirik, tema-tematurik. Izan ere, Joan ebanjelioaren teologiak Jesusek egindako mirariak, berez lorturiko helburua adierazi nahi bainoago, zeinuak dira, lekukoengan sinesmen hazia ernatzea bilatzen duten bitartekariak dira. Pasarte honetan, Jesusen mirariak euren begi-bistakoak izanik ere, euren fedea ez zen ernatu. Berdintsu-edo gerta lekiguke geuri ere. Jesusek beti aurre hartzen badigu ere, Bera beti gure zain aurrez badago ere, ez da nahikorik, segi-segidan guk geure bihotza zabal diezaiogun beharrezkoa da bere Berri Onak zinez har gaitzan. Berea ez da mezu kontu hutsa, ez da doktrina hutsa. Aurrez aurreko harreman proposamen bat da bere eskaintza. Harreman eskaintza horri gure bihotza itxiz gero, pasarteko judutarrek egin zuten bezala, bide ertzeko harrien artean eroritako haziaren patu bera izango du bere Berri Onak.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments