HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 26
Aldi hartan, Jesusek esan zien juduei: «Egi-egiaz diotsuet: Nire hitza gordetzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko». Juduek esan zioten: «Orain bai dakigula deabruaren menpe zaudela. Abraham hil egin zen eta profetak ere bai; eta Zuk diozu: “Nire hitza gordetzen duenak ez du inoiz heriotzarik ikusiko”? Gure aita Abraham baino handiago al zara, bada, Zu? Hura hil egin zen eta profetak ere bai; nor zarelakoan zaude?». Jesusek erantzun zien: «Nire burua Neuk ohoratuko banu, nire ohore horrek ez luke ezer ere balioko; baina Aitak, zeuen Jainkoa omen duzuenak, ohoratzen nau Ni; zuek, ordea, ez duzue hura ezagutzen; Nik, bai, ezagutzen dut, eta ezagutzen ez dudala esango banu, gezurti izango nintzateke zuek bezalaxe; baina ezagutzen dut eta gordetzen ere haren hitza. Zuen aita Abraham pozik zen nire eguna ikusiko zuen itxaropenez; ikusi zuen eta alaitasunez bete zen». Orduan, juduek esan zioten: «Ez dituzu oraindik berrogeita hamar urte, eta Abraham ikusi duzula?». Jesusek erantzun zien: «Egi-egiaz diotsuet: Abraham sortu baino lehenagokoa naiz Ni». Orduan, harriak hartu zituzten hari jaurtitzeko; baina Jesus ezkutatu egin zen eta tenplutik atera.
Joan 8, 51-59.

Giza hitzaren aldean, berez oso baliotsua izan daitekeen giza hitzaren ekarriaren aldean, guztiz bestelakoa dugu, ezin konta ahala aldiz handiagoa dugu, Jesus den Hitz Haragitua. Hitz Bizia dugu Berau, Bizitzaren Hitza, eta argi aldarrikatzen digu hau Jesusek. Judutar zenbaitek, ez sinetsita ere, argi dute zer adierazten ari den Jesus. Hortik segitzen da sortzen den eskandalua. Handitzat aitortzen du Jesusek bere burua. Ordura artean giza eskutik etorririko Errebelazioa baina guztiz handiagoa da Bera.
Berarena ezin gaindituzko oinarri duen autoritatetik dator. Jainkoarekin duen loturatik dator bere Egia, Bera den Egia. Ordura arteko ibilbide profetikoak bere betea iritsia zuen Beragan.
Egiari baina, ezin gatzaizkio lotu gure betiko giza eskemak bazterrean utzi gabe. Judutarren jarreran ezin argiago ikus daiteke hau. Eurak Abrahamekin balizko topaketa eta Jesusen ibilbide biografikoaren arteko ezinaz ari dira, eta horrekin zera baino ez zaigu esan nahi: giza mailatik ari zaizkiola Jesusi kontra egiten. Giza mailatik baina, ez dugu sekulan Jesus den Hori ulertu ahal izango.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments