HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 25
Aldi hartan, Gabriel aingerua bidali zuen Jainkoak, Nazaret zeritzan Galileako herri batera, birjina batengana; birjinak Maria zuen izena eta Jose zeritzan Daviden jatorriko gizon batekin ezkontzeko hitzemana zegoen. Aingeruak, Mariaren etxean sartu eta esan zion:
«Poztu zaitez, graziaz bete hori! Jauna zurekin». Ikaratu zen Maria hitz haiek entzutean, eta pentsatzen jarri zen, zer izan ote zitekeen halako agur hura. Aingeruak esan zion: «Ez beldur izan, Maria; Jainkoak gogoko zaitu. Begira, sabelean sortu eta semea izango duzu, eta “Jesus” ipiniko diozu izena. Handia izango da; Goi-goikoaren Seme deituko diote, eta Jainko Jaunak bere aita Daviden errege-aulkia emango dio; Jakoben herriaren errege izango da beti, eta haren erregetzak ez du azkenik izango». Mariak esan zion aingeruari: «Nola gerta daiteke hori, ez bainaiz inongo gizonekin bizi». Aingeruak erantzun zion: «Espiritu Santua jaitsiko da zugana eta Goi-goikoaren indarrak bere itzalpean hartuko zaitu; horregatik, zugandik jaioko dena santua izango da eta Jainkoaren Seme deituko diote. Hara, Elisabet zure ahaidea ere haurdun dago bere zaharrean, eta sei hilabeteko dago agorra omen zena; Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik». Mariak, orduan: «Hona hemen Jaunaren mirabea; gerta bekit zuk diozun bezala». Eta aingeruak utzi egin zuen.
Lukas 1, 26-38.

Pasarte honetan kristautasunaren muin-muineko kontu batekin egiten dugu topo: Enkarnazioaren misterioarekin. Hau ez dugu gertakari historiko huts; gure sinesmena izango den hori hortik abiatuko da. “Poztu zaitez” delako horrekin, agindu bat bainoago, azalpen teologiko bat bainoago, barne-hartu behar gaituen pozerako zergaiti baten berri ematen dio Aingeruak Mariari.
Enkarnazioaren berriaren aurrez aurre gaude hemen, beldurrerako seinale inondik ere ez dena, nahiz-eta hasiera batean nahasmenarako bide ematen duela eman dezakeen. Poza baino ez da iragartzen gertakari honetatik. Mariarena bezalako hasierako beldurrak zera baino ez digu agerian uzten: Jainkoaren deiak beti gainezkatzen ditu gure giza eskemak.
Mariaren bihotz-harrerak baina, berehala bilakaraziko du konfiantza hasiera batean ikara baino ez zen hori. Alde horretatik, bere “nola gerta daiteke hori?” galderak, ez du inondik ere fede faltarik adierazten, baizik eta konfiantza horretatik abiaturik sortu zaion jakin-mina. Zer gertatzen ari den jakin nahi du, Jainkoaren planen berri izan nahian dabil Maria. Mariaren eskema honetatik badugu zer ikasirik asko sinesdunok; Jesusekin topo egin ostean ez dugu zertan beti dena ulertu; konfiantzan dugu aurreneko fruitua eta, segidan, lehendabiziki pausoa.
Espirituaren Itzala (“Espiritu Santua zuregana jaitsiko da) ez da inposizio bat, sortzear den Horren aurreneko agerpena baizik. Hasierako Sorkuntzan bezala, Jainkoaren arnasa bizitza berria sortzera dator.
Bada, Mariaren sabelean gertatu zen Hori gure baitan ere gerta daiteke Jainkoaren Hitzari harrera egiten diogunean, zerbait guztiz berria ernaltzen baita gugan orduan. Enkarnazioa ez da soilik Jesusek hezur eta haragizko gutariko bilakatu izana. Horrekin batera, hortik hara, gizakiak Jainkoa Bera bere baitan hartzeko aukera izango du. Jainko enkarnatuari gure baiezko zintzotik, menpekotasuna ez, baizik eta zinezko askatasuna eta gure giza izatea bere betera eramana izatea segituko dira. Horrelako eskaintza baten aurrean, Mariaren ereduan badugu zer ikasi asko: Mariak, hasiera horretan, kontrol falta somatzen du, ez daki zeintzuk diren Jainkoaren planak, baina konfiantzari eusten dio uste osoz. “Jainkoarentzat ez baita ezer ezinik”, diotso Aingeruak. Ordurako, Mariak ere argi zuen, eta horregatik zabaltzen dio guztiz bere bihotza Jainkoaren egitasmoari. Horrela ere zabaldu beharko genuke sinesdunok gure bihotza Jainkoaren eguneroko deiari.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments