HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 24
Aldi hartan, Jesusek esan zien fariseuei: «Ni banoa, eta nire bila ibiliko zarete; baina zeuen bekatuan hilko zarete. Ni noan tokira zuek ezin zarete joan». Orduan, entzuleek esan zuten: «Bere burua hil behar ote du? Horregatik esan ote du “Ni noan tokira zuek ezin zarete joan”?». Jesusek jarraitu zuen: «Zuek behekoak zarete, Ni goikoa naiz; zuek mundu honetakoak zarete, Ni ez naiz mundu honetakoa. Horregatik esan dizuet, zeuen bekatuetan hilko zaretela; zeren, “Ni naizela” sinesten ez baduzue, zeuen bekatuetan hilko baitzarete». Orduan, esan zioten: «Nor zara Zu?». Jesusek erantzun: «Hasieratik ari natzaizue esaten. Badut zuetaz zer esanik eta zer gaitzetsirik asko. Bidali nauena fidagarria da; eta Nik, hari entzun diodana, horixe bera esaten diot munduari». Haiek ez ziren jabetu Aitaz mintzo zitzaiela. Jesusek, beraz, esan zien: «Gizonaren Semea jasoko duzuenean, orduan jakingo duzue Ni naizela, eta ez dudala neurez ezer egiten; baizik eta Aitak erakutsi didana bakarrik esaten dudala. Ni bidali nauena nirekin dago; ez nau bakarrik utzi, hark atsegin duena egiten baitut beti». Jesusek gauza hauek esan zituenean, askok sinetsi zuen harengan.
Joan 8, 21-30.

“Zeuen bekatuan hilko zarete”… Hemen “bekatua” ez da lehenik arau moral bat haustea, baizik eta aditzera eman nahi du, itxitasun egoera batean murgildurik egotea dela, norbere barrualdean giltzaperatuta bizitzearekin-edo pareko litekeena. Alde horretatik, Jesusen hitzek ez dute jaso beharreko zigorraren berririk eman nahi. Gauden gatibualdi horretan jarraitzetik segitzen den zamaz ari zaigu. Gure bihotza Berari zabalduz gero, aldiz, preso gaituen itxitasun hori hautsia izango da segituan. Zentzu horretan ulertu beharko genuke “bekatuan hiltzea”, alegia, Jainkoareriko harremanak hausita bizitzearekin lotu-lotuta dagoela.
“Ni noan tokira zuek ezin zarete joan”… Joate hori ez da inongo ihesa, Aitarenera itzultzea baizik. Fariseuek horizontalki ulertzen dute kontu hau (bere burua hilko ote du?), baina Jesusek behetik gora ari zaigu: zuek behekoak zarete (zeuen kontzientzietan gatibu); Ni, aldiz, goikoa naiz (Aitaren batasunean bizi dena).
Ni naizela sinesten ez baduzue…San Joanen Ebanjelioan “Ni naiz” esapidea oso indartsua da. Jainkoaren izenaren oihartzuna da (gogora dezagun Irteera liburuko “Ni naiz naizena”). Jainkoaren presentzia guztiz eraldatzailearen berri ematen dute hitz hauek. Jesus ez da soilik maisu moral bat, askoz-askoz gehiago da, Jainkoaren beraren presentzia gardena eta esanezina da: “Ni naiz”. Sinestea ez da ideia bati atxikitzea, baizik eta Jesus den Horretan sinestea. Fedea, doktrina bainoago, bihotzondoa eraldatzen digun Jesusen presentzia sentitzetik segitzen dena da beti.
“Gizonaren Semea jasoko duzuenean…”:“Jasotzea” gurutziltzatzea da, baina aldi berean goraltxatzea. Hemen ikus dezakegu paradoxarik handiena: Jesusen benetako nortasuna ahultasunean agertzen da. Gurutzera begiratzen dugunean, Jainkoaren boterea ez datza indarrean, baizik eta Bekatariaontzat duen maitasun fidelean. Hori da salbamenaren giltza eta gakoa: Jainkoa ez dago urrun; gure zaurgarritasunean sartu-sartuta baizik.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments