HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 23

Aldi artan, Jesus Oliamendira joan zen. Biharamun-egunsentian, ordea, tenplura agertu zen berriro, eta herri guztia etorri zitzaion; Jesus eseri eta irakasten hasi zitzaien. Lege-maisuek eta fariseuek adulterioan harrapatutako emakume bat ekarri zioten eta, erdian ipiniz, esan zioten Jesusi: «Maisu, emakume hau adulterioan ari zela harrapatu dute. Moisesek horrelakoak harrika hiltzeko agindu zigun legean. Zuk zer diozu?». Azpikeriaz esaten zioten hori, zertan salatu izateko. Jesus, ordea, makurtu eta atzamarrez lurrean idazten hasi zen. Baina haiek galde eta galde ari baitzitzaizkion, zutitu eta esan zien: «Zuetan bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehenengo harria». Eta, berriro makurturik, lurrean idazten jarraitu zuen. Haiek, hori entzutean, banan-banan alde egiten hasi ziren, zaharrenetatik hasita. Jesus bakarrik gelditu zen, emakumea aurrean zuela. Jesusek, zutiturik, esan zion: «Emakume, non dira salatzaileak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?». Hark erantzun: «Inork ere ez, Jauna». Orduan Jesusek: «Ezta Nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta ez egin berriro bekaturik».

Joan 8, 1-11.

Fariseuek legea jartzen dute erdigunean; Jesusek, berriz, pertsona. Bekatuaren oso jakituna, ez du bekatua ukatzen. Hala ere, den-denok bekatariak garela azpimarratzea interesatzen zaio: “Zuetan bekaturik gabe dagoenak…”. Hor aurki dezakegu ordura arteko judutarren erlijio begiradaren aldean berritasun handi bat. Bekatua dela, Jainkoa ez dugu gure aurkako epaile zorrotza, baizik eta esku zabalik gure alde ari dena.

Dena den, pasarte honetan, bekatua gorabehera, badago zerbait aintzat hartu beharrekoa: Jesusekin topo egiteak zer eragiten duen, zer dakarren berarekin. Izan ere, Berarekin topo egitean, gehienetan tamalez pentsatu izan ohi denaren kontra, ez da inondik ere kondena segitzen; Berarekin topo egitean bere begirada guztiz errukitsu eta sendagarria da azpimarratu beharreko lehendabiziko kontua.

Bere begiradak ez du oztoportik onartzen, ez du inongo trabarik onartzen. Garai hartan, judutarrentzat horrelako emakume bekatari batekin zuzen-zuzenean solasean aritzea, ez-egokia ez ezik, oso larria ere bazen. Jesus, aldiz, horrelako normatibismo moral mugatzaileez askoz haratago joaten da. Ez die kontu horiei erreparatzen eta emakumeari ziurrenik jada galdua zuen lasaitasuna berriz ere bueltatu nahi dio. Horretarako, aurrez aurreko solasaldi bati ekin eta zer esango eta: “ez al zaitu inork gaitzetsi? … Ezta Nik ere”. Emakumearen kontzientzia baretzea nahi du Jesusek lehenik eta behin. Horregatik, nahiz eta berriro bekaturik ez egiteko esan, horren aurretik jada galdurik zuen duintasuna itzuli dio. Izan ere, bere hitz horiek baino askoz garrantzi handiagoa hartzen du aurrez Jesusek bihotz zabalik egindako gerturaketak.

Bada, emakume hau sendatzeaz eta berari duintasuna bueltatzeaz gain, behin hori eginda, bidaltzen du, abiarazten du: “zoaz”. Azken hau oso ere oso aintzat hartu beharrekoa da kristauontzat. Gurea ez da egonean egoteko erlijioa. Norbere lasaitasuna psikologizatua emateaz baino askoz haratago joan behar du Jesusen mezuak. Barne-barnean sartu behar zaigu Berri Ona, baina, berau zinez barneratu baldin badugu, jarrai-jarraian, bekatutik atera izanetik segitutako askatasun-energiak kanpora eragin behar digu ezinbestez, konpartitzera jaso berria, eta Jesusekin bat egitera bere misioan.

Igor Goitia

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.