HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 22
Aldi hartan, Lazaroren bi arrebek albiste hau bidali zioten Jesusi:
«Jauna, zure adiskidea gaixorik dago». Jesusek, hori aditzean, esan zuen: «Gaitz hau ez da hiltzeko gaitza, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, gaitz honen bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin».
Jesusek oso adiskide zituen Marta, honen ahizpa eta Lazaro. Hau gaixorik zegoela jakinda ere, zegoen lekuan gelditu zen Jesus beste bi egunez. Ondoren, esan zien ikasleei: «Goazen berriz ere Judeara».
Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeraman Lazarok hilobian. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera atera zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi: «Jauna, hemen izan bazina, gure anaia ez zen hilko. Hala ere, badakit eskatuko diozun guztia emango dizula Jainkoak». Jesusek erantzun zion: «Piztuko da zure anaia». Eta Martak: «Badakit piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan». Jesusek esan zion orduan: «Ni naiz piztuera eta bizia; nigan sinesten duena, hilik ere, biziko da, eta bizi dena, nigan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hori?» Martak erantzun zion:
«Bai, Jauna, sinesten dut Zu Mesias zarela, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena». Maria eta harekin etorritako juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion Jesusi eta, zeharo hunkiturik, galdetu zuen:
«Non ipini duzue?» Erantzun zioten: «Jauna, zatoz eta ikus». Jesusek negarrari eman zion. Han zeuden juduek esan zuten: «Begira zein maitea zuen!» Baina haietako batzuek esan zuten: «Itsuari begiak ireki zizkion honek, ez al zezakeen hau hiltzea galarazi?». Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Haitzuloa zen, harlauzaz estalia. Jesusek esan zuen: «Ken harlauza!». Hildakoaren arreba Martak esan zion: «Jauna, kiratsa botako du, lau egun baditu eta». Jesusek erantzun zion: «Ez al dizut esan, sinesten baduzu, Jainkoaren aintza ikusiko duzula?». Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Aita, eskerrak zuri, entzun didazulako. Nik badakit beti entzuten didazula; baina inguruan dudan jendeagatik diot, Zuk bidali nauzula sinets dezaten». Hau esanda, oihu egin zuen ozenki: «Lazaro, zatoz kanpora!» Eta hildakoa atera egin zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapiz estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten». Maria ikustera joandako judu askok, Jesusek egina ikustean, harengan sinetsi zuen.
Joan 11, 3-7. 17. 20-27. 33b-45.

Lazaro lagunaren pasartean ageri da agian Jesuren gizatasunik biluzienetakoa: “barruak zirrara egin zion Jesuri” eta “Jesuk negarrari eman zion”, lagunaren heriotzaren aurrean erabat hunkituta. Jesuk ez du sufrimendua urrutitik ikusten, ez da Jainkoaren Seme zerutar urrun, soraio, sorgor eta ikaragaitza: bihotz samurreko profeta da, negar egiten duena, mina eta maitasuna bizi dituena. Garizuman, bere nekaldiaren atarian, irudi hau jartzen zaigu aurrean: lagun bat hil zaion gizona, lagun min baten hilobi aurrean malko egiten duena.
Baina malko horiek ez dute azken hitza. Lazaro “kanpora atera” dadin dei egiten du Jesuk, “lurra” –hilobia, harria, kiratsa, lotura– eta “zerua” batuz: “begiak zerurantz jasorik” otoitzean bizi da, baina ahotsa lurrean kateatuta dutenengana zuzentzen du. Otoitz hori ez da ihes espiritual bat, askapenaren besoak zabaltzea baizik: «Aska ezazue eta utzi joaten». Hor ageri da Mesias askatzailea: ez soilik heriotzaren morrontzatik du askatzen, baita itotzen gaituzten mota guztietako loturetatik ere -beldurrezko sineskerietatik, erru paralizatzaileetatik, egitura bidegabeetatik, harreman osasungaitzetatik.
Lazaro piztu aurreko tentsio osoa Jesuren nekaldi eta piztuera gertatzen denean lehertuko da. Besteen hilobi aurrean negar egiten duen hark bere hilobiaren harria ere mugituko du, Magdalako Maria lekuko, Abbaren indar berean konfiantza jarriz. Garizumaren 5. aste honetan: non nago ni gaur lotuta, zein harri pisutsuren atzea edota azpian? Non behar dut Jesuren dei zorrotz baina samurra aditu? “Atera kanpora… askatu eta utzi joaten”! Eta non, zein pertsonarekin edo egoerarekin, gonbidatzen nau Jesuk gaur neu ere “aska ezazu eta utzi joaten” esatera, beste baten alde?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments