HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 21

Aldi hartan, jende arteko batzuek, Jesusen hitzak entzutean, hau zioten: «Hauxe da egiaz etortzekoa den profeta». Beste batzuek esaten zuten: «Hauxe da Mesias». Beste batzuek, berriz: «Galileatik etor ote daiteke Mesias? Ez al dio Liburu Santuak Mesias Daviden jatorrikoa izango dela eta haren herritik, Betleemdik, etorriko dela?». Iritzi kontrajarriak zeuden, bada, jendearen artean Jesusi buruz. Batzuek atxilotu egin nahi zuten; baina ez zion inork eskurik gainean jarri. Guardiak apaizburu eta fariseuengana itzuli ziren, eta hauek galdetu zieten: «Zergatik ez duzue ekarri?». Guardiek erantzun zieten: «Ez du sekula inork gizon horrek bezala hitz egin». Fariseuek erantzun zieten: «Zer? Zuek ere liluratu al zaituzte? Sinetsi ote du harengan agintari edo fariseuetako batek ere? Baina legea ezagutzen ez duen jende hori madarikatua dago». Orduan, Nikodemok, fariseu haietako batek, behinola Jesusengana joan zenak, esan zien: «Zilegi al da gure legearen arabera inor gaitzestea, berari entzun eta zer egin duen jakin gabe?». Besteek erantzun zioten: «Galilearra al zara zu ere? Aztertu Liburu Santuak eta ikusiko duzu Galilean ez dela inoiz profetarik sortu». Ondoren, nor bere etxera joan zen.

Joan 7, 40-53.

Jende xumeari Jesu liluragarri egin zitzaion, eta agintariei, berriz, arriskutsu. Jendeak berehala sumatzen du “ez duela sekula inork gizon horrek bezala hitz egin”: ez da espekulazio hutsa, hitzak bizitza errealari heltzen dio, zauriak ukitzen ditu eta itxaropena pizten. Fariseu eta apaizburuek, ordea, berehala lotzen dute lilura hori “engainu” eta “madarikazio”arekin: “legea ezagutzen ez duen jende hori madarikatua dago”. Hori da oztopo nagusia: ez da informazio falta, boterearen logikatik ezin onartzea herriaren artean sortzen ari den mugimendu askatzailea.

Galilearra izatea bera susmagarria da: “Galilean ez dela inoiz profetarik sortu”. Baina Bibliako tradizioan profetaren benetako ezaugarriak zein dira? Ez dira jatorrizko leku garbiak edo titulu ofizialak, baizik eta bi gauza hauek: Jainkoaren hitza entzun eta herri zapalduaren alde jartzea, eta horregatik gatazkan bizitzea botere politikoekin (zentzu zabalean ulertuta) eta baita, sasoian-sasoiko botere erlijiosoarekin. Hortxe ditugu Amos, Jeremias, Elias…. profetak; profeta askotan “Galilea” den horretatik etorri ohi da, hau da, periferia nahasi eta susmagarritik. Hortik ere badator Jesu: Nazaret eta Galilea ez dira Jerusalemen garbitasun sakratuaren espazioa, baina Jainkoaren Espirituak han egiten du dantza, han entzuten dira herri xehearen oinaze eta irrika.

Nikodemok: “Zilegi al da… inor gaitzestea, berari entzun eta zer egin duen jakin gabe?”. Ondotxo bide dakite zer egin eta aldarrikatzen duen Jesuk: horregatik beldurra, horregatik gaitzespena, horregatik “Galilearra al zara zu ere?” irain bihurtua. Ez da seguruenik ezjakintasun hutsa, baizik eta egia ikusita ere, egia horrek bere pribilegioak edota sendousteak kolokan jartzen dizkielako (dizkigulako?, dizkidalako?)

Nondik begiratzen diot munduari? Bazter-zauritik, itxaropenetik, migratzaileengandik, desjabetuak (desjabetze material eta espirituala)  izan direnengandik, Elizaren kanpo/barru‑ertz askotatik ere…? Ala halako begirada dutenak a priori mesfidantzaz edota mespretxuz hartuz?

Garizuma izan daiteke aldi aproposa gure barruari galdetzeko: noren ahotsa entzuten dut benetan? Gaur, nork/zerk liluratzen nau neu? Zeinek hitz egiten dit “sekula inork ez bezala”, eta zein neurritan ari naiz ni ere hitz eta jarrera horiek mesfidantzaz neurtzen, nire segurtasunak arriskuan jartzen dizkidalako? Zein “Galileatatik” dator gaur Jainkoaren dei profetikoa nire bizitzara –zein pertsona, talde edo egoeraren ahotsean–, eta nola aditu eta erantzuten diot nik?

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.