HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 20
Aldi hartan, Jesus Galilean zebilen; ez zuen Judean ibili nahi, juduek hil egin nahi baitzuten. Hurbil zen Etxola-jaia, juduen jaietariko bat. Jesusen senideak jaietara joan zirenean, Jesus ere joan zen; baina ez agerian, erdi ezkutuan baizik. Jerusalemdar batzuek zioten: «Ez al da hau hil nahi dutena? Lasai asko ari da, bada, hizketan, eta ez diote ezer esaten. Onartu ote dute agintariek hau dela Mesias? Baina hau badakigu nongoa den; Mesias etorriko denean, ordea, ez du inork jakingo nongoa den». Orduan, Jesusek, tenpluan irakasten ari zela, oihuka esan zuen: «Ni ezagutzen nauzue eta badakizue nongoa naizen. Baina Ni ez naiz neurez etorri, baizik eta fidagarria denak bidali nau, eta zuek ez duzue hura ezagutzen. Nik, bai, ezagutzen dut, harengandik bainator eta hark bidalia bainaiz». Orduan, atxilotu egin nahi izan zuten; baina ezin izan zion inork eskurik erantsi, ez baitzen artean iritsia haren ordua.
Joan 7, 1-2. 10. 25-30.

Tentsio handiko eszena: Jesu judua da, eta “juduek” hil nahi dute; hau da, herri bereko erlijio‑ eta botere‑egiturek ikusten dute arriskutsutzat. Hau ez da anekdota historiko hutsa: Jesuren bizitza ‘gatazkatsua’ dugu, “liberazioaren alde eta zapalketaren kontra” kokatzen delako, eta horrek talka sortzen du (sortu beharko luke?) garaian-garaiko egitura erlijioso‑politikoekin.
Era berean, Garizuma ez litzateke barne‑sentimendua hunkitzeko sasoai baino ez, justizia-bidea gogora ekarri eta justizia-bihotza beratzeko garaia ere bada.
“Ez zuen Judean ibili nahi, juduek hil egin nahi baitzuten”. Ez dira noski “juduak” oro har, baizik eta agintari erlijioso‑politikoen sare jakin bat; bere boterea kolokan jartzen dion edonor isilarazi nahi duena.
Jesuk ez du txarto ulertutako neutralitate espiritual lauso bat proposatzen; “Jainkoaren erregetza” iragartzen du, eta horrek egitura zehatzak ukitzen ditu: aberatsen eta pobreen arteko desberdintasuna, erlijioaren erabilkeria zapalduen kontra (Trump-en tranpa kasu, ez solik…), ‘inperioa’ren lasaitasuna… Jainkoarengandik datorren Mesias hau ez da inperioaren edo Tenpluaren aliatua; Mesias hau herri zapalduaren aldeko Jainkoaren utopia bizia da.
Jesuk Tenpluan oihu egiten duenean –“Ni ez naiz neurez etorri, fidagarria denak bidali nau”–, zehazten ari da bere proiektuaren iturria: ez da bere egitasmo pertsonal bat, ezta mugimendu zelota huts bat ere, baizik eta Jainkoaren erreinuaren kausa. Eta kausa hori, oso konkretua da: pobreen aldeko hautua, (zentzu zabalean ulerturik), zorigaiztoko egitura historikoak zalantzan jarriz. “Mesias” honek, gaixoak sendatzen ditu, baztertuak biltzen, legeak zapalduen alde interpretatzen, diruaren eta boterearen idolatria salatzen…; eta horregatik bihurtzen da hil beharreko pertsona, esan dezadan bidenabar, bere borondate eta gogoaren kontra!
Pobreen eta biktimen kanpamentuan jarriko al dugu gure jai-etxola, Jainkoaren Mesias askatzailearen aldeko hautua eginez? Egun, geu ere parte garen gure egiturek –Elizarenek, ekonomiarenek, gizarte‑ereduenek– nola hartzen dute/dugu Jesu askatzailea? Ongietorria ematen diogu, ala “erdi ezkutuan” ibiltzera behartzen dugu? Zerk ematen digu benetan beldurra?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments