HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 19

Jakobek Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana. Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen. Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du, eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik». Josek, lotatik esnatu zenean, Jaunaren aingeruak agindu bezala egin zuen.

Mateo 1, 16. 18 – 21. 24a.

Mateoren pasarte honetan, Jose jartzen zaigu erdigunean: “Mariaren senarra”, eta, aldi berean, bere bizitzaren norabidea guztiz astindua sentitzen duen gizona. Badakigunez haurtzaroko ebanjelioak deiturikoek ez dute batez ere gertakarien ‘kronika’ zuzena eskaini nahi, baizik eta sinestedun komunitate baten aitortza: Jesu, gurutzean hil eta piztu den hura, hasieratik da “Emmanuel, Jainkoa gurekin”. Hori da, azken batean, pasarte honen muina: “Espiritu Santuaren egitez” hasten den bizitza, ez da batez ere biologikoki azaldu nahi den misterioa, baizik eta Jesu-ren pertsonarengan Jainkoaren presentzia bezainbat gizatiarra eta bezainbat sakona nola ageri den adierazteko modu sinboliko eta poetikoa.

Aurreko egunetako ebanjelioen haritik, Espiritu Santua ez litzateke “kanpotik” sartzen den indar magiko bat, baizik eta izaki guztietan dabilen Jainkoaren Arnasa, den oro erditik eta behetik erditzen dituena. Ausartu egin gaitezke esaten haurtzaroko ebanjelioak, nekaldi/pasioaren eta Pazkoaren argitik berriro ‘sortu’tako kontakizunak direla, seguruenik midrash eran idatziak. Horrek ez du kentzen edota lausotzen benetako egia teologikoa: “Espiritu Santuagandik sortua”, Jesuren baitan Jainkoa bere osotasunean ageri dela ari gara baiesten eta baieztatzen. Jose bera fede-bide horren ikur da.

‘Espiritua’ren eraginak ez du errealitatea gainditzen, baizik eta errealitatea (-ren sakona) beste begi batzuez ikusten erakusten digu: ez du eskandalu moral bat estaltzen, benetako harreman bat eta bizitza bat jaiotzen irakurtzen laguntzen digu, beldurra eta kontrola baino jarriz konfiantza eta zaintza.

Izenak izana oraingo honetan ere: “Jesu”: salbazioa ez da antza lege-hauste baten gaineko barkamen juridikoa, baizik eta ‘bekatua’ren egiazko sustraietatik –beldurretik, indarkeriatik, bazterketatik– askatzen gaituen bizitza berria.

Jesuren jaiotza ez dateke urruneko ipuin miragarri bat, baizik eta gaur ere gure bizitzan Espirituak sortu nahi dituen bizitza‑modu berri eta ezin errealagoen irudi eraginkor sakona. Jainkoa gurekin egiten da haragi, gure beldur eta zalantzetan, gure “ametsetan” baita, agian azaleko suharrik gabe, baina norabidea aldatzera bultzatuz, Jose bezala.

Nonoiz ari da gaur Espiritua nire bizitzan “zerbait berria” sortzen, eta ni aldiz beldurrez edota kontrol-nahikeriaz geldiarazten?

Joseren antzera, ba al dakusat ‘aukera’rik nire zalantza eta nahasmendutik konfiantza‑ibilbide egiteko?Norbait nire altzoan zinez (on)hartzeko?

Juankar Olaeta

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.