Martiko ekinokzioan negutik irten eta udaberrian sartzen gara. Neguan lozorroan egon dan natura berbiztuz dator eta gure baserritarrak ereintza lanak egiten hasten dira. Lurra lantzeko era asko daude eta zelango laborea halako tresna erabiltzen da. Batzuetan belarrez josita dagoen lurra udalandu egiten da aitzurrez zohiak atera eta lurra bistan itxita. Baina noizean behin lurra sakonagotik iraultzea sano ona eta onuragarria izaten da. Horretarako aspaldiko tresna bat aipatuko dugu, zein eta hauxe: laia, (gazt. laya, euskeratik hartuta), lurra iraultzeko hagin luze biko lanabesa, bere burdinazko eskulekuko zulounean zurezko asta eta guzti. Laia, etxeko talde-lanean edo auzo-lanean erabiltzen zen, eta bere ekintzari: laieta zeritzan. Taldeko bakoitzak laia bi hartzen zituen eta danak batera sartu euren laiak lurrean, alboak zainduta. Gero norberagana tiratu, oinekin lagundurik barrurago sartu, danak batera jaso lur zatia eta irauli. Holan eragoioen solo guztiko lurra irauli arte. Hurrengo beharra, aitzurren egin eta lurra jo edo lantzea zen. Geroagora, tresna hobeak agertu ahala, laiak baztertu egin ziren. Goazen esaunda esanguratsu hau aipatzera: “Behin batean aita batek seme alperrak zituen eta honela esan zien: “landa honen lurpean urregorria dago gordeta”. Hori entzutean semeok hartu laiak eta laietan hazi ziren urregorri bila baina egin ahalak egin arren ez zuten aurkitzen. Orduan aitak berriro: ez duzue alperrik egin behar hori, lur landu horretan garia erein ezazue eta urregorriak gora irtengo du uda aldera eta ez duzue ogi faltarik izango”. Halaxe gertatu zen. Gaur egun laiak apaingarri bezala ikusten dira txoko eta abarretan. Nolako aldaketa!
0 Comments