HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 15

Aldi hartan, Jesusek, bidez zihoalarik, jaiotzatik itsu zen gizon bat ikusi zuen. Listua bota zuen lurrera, listuaz lohia egin eta lohiaz begiak igurtzi zizkion itsuari; gero, esan zion: «Zoaz eta garbitu zaitez Siloeko uraskan» (Siloek «Bidalia» esan nahi du). Joan zen, bada, itsua, garbitu eta ikusten zuela itzuli zen. Auzokoek eta lehen eskean ikusi ohi zutenek esaten zuten: «Ez al da hau eserita eskean egoten zena?» Batzuek zioten: «Bai, hura da». Beste batzuek: «Ez, ez da hura, haren antzeko bat baizik». Berak, berriz, zioen: «Bai, huraxe naiz». Larunbata zen Jesusek lohia egin eta begiak ireki zizkion eguna. Horregatik, fariseuengana eraman zuten itsu izana, eta fariseuek berriro galdetu zioten nola hasi zen ikusten. Hark erantzun zien: «Lohia jarri zidan begietan, garbitu nintzen eta ikusi egiten dut». Fariseuetako batzuek zioten: «Gizon hori ez dator Jainkoagandik, ez baitu larunbateko atseden-eguna errespetatzen». Beste batzuek, berriz, zioten: «Nola egin dezake bekatari batek horrelako ezaugarririk?» Eta ez zetozen bat beren iritzietan. Berriz galdetu zioten itsuari: «Eta zuk zer diozu begiak ireki dizkizunaz?» Hark erantzun: «Profeta dela». Haiek erantzun zioten: «Goitik beheraino bekatari jaio zinen, eta zu guri irakatsi nahian?» Eta kanpora bota zuten. Jakin zuen Jesusek bota egin zutela eta, aurkitu zuenean, galdetu zion: «Sinesten al duzu Gizonaren Semeagan?» Hark erantzun: «Esadazu nor den, Jauna, sinets dezadan». Jesusek esan zion: «Ikusi duzu; zurekin hizketan ari dena bera da». Hark orduan: «Sinesten dut, Jauna». Eta aurrean ahuspeztu zitzaion.

Joan 9, 1. 6-9. 13-17.34-38.

Ikustea… jaiotzatik itsu zena ikusten hasi da; betidanik ikusten dutenak berriz, badirudi itsuak direla.

Begiaz baliatzen gara ingurua ikusi eta ezagutzeko, baino badago beste ikusmen bat gure barnetik sortzen dena; hau ez da begiez ikusten. Hemen daude gure sinesmenak, usteak, aurreiritziak…

Eta ikusmenak irekitasuna eskatzen du; gurera lotuak bagaude, nekez ikusiko dugu ezer berririk. Eta ikusten duguna, berriz geurera ekartzen saiatzen gara, beste guztia baliogabetuz.

Itsua prest dago irekitasunez datorrena onartzeko; ikusten du, baina ez bakarrik begiekin. Gertatutakoari izena eman nahi dio, ulertu nahi du; bere ezjakintasunean profeta dela uste du. Ondoren, aurrez aurre ikusten duenean sinistera iristen da eta Jesus Gizonaren Semea dela onartzen du.

Beste guztiak berriz zalantzetan daude; ez dute ezer berririk ulertu nahi, baizik eta gertatutakoa bere eskematan sartu nahi dute. Hau zaila egiten zaie, eta bi aukera besterik ez zaie geratzen: Jainkoarena dela gertatu dena onartu edo deabruarena dela eta bota.

Eta hemen topatzen gara gure itsutasunarekin, baita ere gure itxitasunekin: guzti hau larunbatean gertatu da. Ez da posible horrelakorik larunbatean egitea. Horrela izan bada ez du legea betetzen, ondoren deabruarena da. Lotuak daude, ezin ezer berririk ikusi.

Jainkoak lagun gaitzala ikusten, eta ez begiez bakarrik…

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.