HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 14
Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek beren burua zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei: «Bi gizon igo ziren tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela egiten zuen otoitz bere barruan: “Eskerrak ematen dizkizut, ene Jainko, besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori bezalakoa ere. Astean bitan egiten dut barau, eta ditudan guztien hamarrenak ematen ditut”. Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak zerura jasotzera ere ausartzen, baizik eta bular joka ari zen, esanez: “Ene Jainko, erruki zakizkio bekatari honi!” Hara zer diotsuedan: azkeneko hau Jainkoarekin adiskideturik itzuli zen etxera; bestea, berriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».
Lukas 18, 9-14.

Eskerrak ematea garrantzizkoa da; garrantzizkoagoa da zuzen ematen jakitea. Ez da hitza soilik, ondo geratzeko egiten den zerbait; barnetik ateratzen den zerbait da. Barnetik, hau da, nire izaeratik.
Horretan gabiltzala geure buruari galdetzea besterik ez diogu, eta ni, nor naiz? Nolakoa da nire izaera?
Agian, gizon-emakumeen aurrean meritu handiko pertsona naiz, fariseuak bere otoitzean onartzen duen bezala: “Ez naizelako: lapur, gaizkile, adulteriogile… astean bitan egiten dut barau… ditudan guztien hamarrenak ematen ditut…”. Legea betetzen du, zintzotasunez jokatzen saiatzen da, baina dena bere meritua dela eta harrotasunez jokatzen du; badirudi dena berak bakarrik lortu duela. Horrela bada, ez du Jainkoaren beharrik. Otoitzean ari da, baina bere otoitzak Jainkoari zer ona den esateko erabiltzen du.
Zergalaria, berriz, urruti geratzen da. Jainkoaren aurrean jartzen da, eta bere aurrean bere txikitasuna onartzen du, apaltasunez. Jainkoaren aurrean, barne barnetik, bere izaera onartzen du, bere pekatari izaera. Errukia besterik ez du eskatzen.
Ez du esaten fariseuak egiten dituenak ez dituenik egiten; egiten baditu ere, onartzen du Jainkoaren errukiaren beharra duela aurrera egiteko.
Testuak dion bezala, hau justifikatua geratzen da, bestea berriz, ez.
Otoitzean ari dira biak; ze otoitz desberdinak… orain kontua da ea nolakoa den zure otoitza… barnetik ateratzen dena zure izaera onartuz, edota zure “lan” onak gogorarazten dizkiozu Jainko Aitari?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments