HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 10

Aldi hartan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion:

«Jauna, nire senideak bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?». Jesusek erantzun zion: «Zazpi aldiz ez, baizik eta zazpitan zazpi mila aldiz. Hain zuzen, bere morroiekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da zeruetako erreinuarekin. Kontuak garbitzen hastean, dirutza izugarria zor zion bat ekarri zioten. Eta nondik ordaindurik ez baitzuen, bera eta emaztea, seme-alabak eta zituen guztiak saltzeko agindu zuen nagusiak, zorra ordaintzeko. Morroiak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadazu astia eta dena ordainduko dizut”. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen morroia. Baina morroi hark berak, irten orduko, diru apur bat zor zion bere morroi-lagunarekin topo egin zuen, lepotik heldu eta ito beharrean, esan zion: “Ordain iezadak zor didaana”. Lagunak, oinetan ahuspezturik, arren eta arren esaten zion: “Emadak astia eta dena ordainduko diat”. Baina besteak ezetz, eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte. Beste morroiak, gertatua ikusirik, biziro atsekabetu ziren, eta nagusiagana joan eta gertatuaren berri eman zioten. Orduan, nagusiak morroiari deitu eta esan zion: “Morroi gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, eskatu didaalako; ez al zen bidezkoa hi ere heure morroi-lagunaz errukitzea, ni hitaz errukitu nintzen bezala?” Eta nagusiak, haserre bizian, borreroen esku utzi zuen, zor guztia ordaindu arte.

Mateo 18, 21-35.

“Zenbat aldiz barkatu behar diot?” Lotsatu beharko genuke horrelako galdera entzutean. Egia da bizitza, elkarbizitza ez dela erraza, eta zenbaitetan gure barnetik ateratzen dena haserrea dela; zoritxarrez batzuetan gorrotoa ere ageri da.

Gure barnetik ateratzen diren hauek ateratzeko arrazoiak izaten ditugu; ez dira arrazoi makalak, baina, nola esan… gorrotoa, haserrean mantentzea, ez da Jainkoarena. Bai, pertsonak gara, eta gure “nortasuna”, gure “harrotasuna”, gure, gure, gure… nire, nire, nire… nagusitzen denean, minduta gaudenean, nola barkatu?

Barkatzea ez da batere erraza, zenbaitetan prozesu luzea da jasotako mina handia delako; dakigun bakarra da barkatzea Jainkoarena dela, guregatik sufritu duen Jainkoarena.

Kontua ez da zenbat aldiz barkatu behar den, baizik eta gugan, Jainkoa lagun, barkamen prozesua martxan jartzea. Baina bai, batzuetan nahi izaten dugu, baina gure ezintasunarekin topo egiten dugu… orduan Jainkoari laguntza eskatu errealitatea berari apaltasunez azalduz: barkatu nahi dut, baina ezin dut; Jainkoa presente egiten da, zenbaitetan ikusten ez badugu ere, gure sufrimenduan.

Muñoa

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.