HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 8

Aldi hartan, Jesus Sikar deritzan Samariako hirira iritsi zen, Jakobek bere seme Joseri ondare emandako lur-sail ondora. Han zegoen Jakoben putzua. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen. Ikasleak hirira joanak ziren, jatekoak erostera. Horretan, Samariako emakume bat etorri zen ur bila, eta Jesusek esan zion: «Emadazu edaten». Samariar emakumeak esan zion: «Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi?» (Jakin behar da, juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik). Jesusek erantzun zion: «Jainkoaren dohaina zein den eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke». Emakumeak esan zion: «Jauna, ez duzu ura zerekin atera, eta putzua sakona da; nondik atera behar duzu ur bizi hori? Gure aita Jakobek eman zigun putzu hau eta hemendik edan zuten hark, haren seme- alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara Zu?». Jesusek erantzun zion: «Ur honetatik edaten duena, berriz ere egarritu egiten da; Nik emandako uretik edaten duena, ordea, ez da gehiago egarrituko sekula; zeren Nik emango diodan ura, betiko bizia darion iturburu bihurtuko baita harengan». Orduan, emakumeak: «Jauna, emadazu ur hori, berriro egarri ez nadin, eta hona ur bila etorri beharrik izan ez dezadan». «Jauna, ikusten dut profeta zarela. Gure gurasoek mendi honetan adoratu zuten Jainkoa; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen adoratu behar dela diozue». Jesusek erantzun zion: «Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena. Zuek ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator. Baina badator ordua, hobeto esan, iritsia da, egiazko adoratzaileek Aita espirituz eta egiaz adoratuko dutena. Izan ere, Aitak honelako adoratzaileak nahi ditu. Jainkoa espiritua da, eta hura adoratzen dutenek espirituz eta egiaz adoratu behar dute». Emakumeak esan zion: «Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula». Eta Jesusek: «Neu nauzu, zurekin hizketan ari naizen hauxe». Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak egindako aitormenagatik:

«Egin dudan guztia esan dit». Samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, berekin gelditzeko eskatu zioten, eta bi egunez egon zen han. Jesusen hitza entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuen. Eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanagatik sinesten; geuk entzun diogu, eta badakigu hau dela egiaz munduaren Salbatzailea».

Joan 4, 5-15. 19b-26. 39a. 40-42.

Hona hemen Jesus berriz ere garai hartako arau sozialak zalantzan jartzen eta aurreiritziak hausten.

Alde batetik, Jesusek erlijioso eta etnikoa zen gatazka tenkatzen du judutar gisa samariarrekin harremanetan jartzen. Pagano edo atzerritzat hartzen zituzten eta ezin zuten haiekin harremana izan. Bestetik, kontaktu zuzena ezartzeak, edo ontzi beretik edateak, judutarren garbitasuna kutsatu zezakeen, Jesusena kasu honetan. Eta azkenik, generoari dagokiona: maisu batek ezin zuen bakarka eta publikoki emakume batekin hizketan egon hautsak harrotu gabe.

Hau dena bizkar gainean jarri, eta hemen daukagu Jesus ur bizia eskaintzen pertsona guztiei. Jesusek ohiko jarduera bat topaketa espiritual bilakatzen du eta gonbidapena egiten dio (eta digu) gizakiaren sakoneko egarria asetzeko bere bitartez. Hain zuzen ere, adierazi eta errebelatzen digu Bera dela Mesias, mundua salbatzera bidalitakoa.

Samariar emakumeak bere ontzia utzi eta bere herritarrengana doa betirako egarria asetzen duen ur biziaren berri ematera. Prest al gaude gu ere gure ontzi zaharra, aurreko bizitzaren sinbolo, uzteko eta Jesusengana hurbiltzeko gure barrua asetu dezan erraietaraino? Prest al gaude gure ingurukoei Jesusen gonbidapena luzatzeko? Eska diezaiogun Jainkoari honetarako indarra eta grazia.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.