HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 7

Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziren, esanez: «Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin». Orduan, parabola hau esan zien Jesusek: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien. Handik egun gutxira, seme gazteena, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera joan zen, eta han, lasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituen. Dena xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan eta beharra sentitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako batengana joan eta haren morroi jarri zen, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain. Txerrien janari zen ezkurrez sabela betetzeko gogoak ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, bere baitara itzulirik, esan zuen: “Hamaika langile bada nire aitarenean, nahikoa ogi duela, eta ni hemen goseak hiltzen. Jaiki, aitagana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”. Eta jaiki eta aitagana abiatu zen. Artean urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta erruki izan zuen, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi…”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Atera berehala soinekorik ederrena eta jantzi iezaiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa- otordua, nire seme hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”. Eta festa hasi zuten. Seme zaharrena soroan zen. Etxera hurbiltzean, soinua eta dantzak sumatu zituen, eta, morroi bati deiturik, zer gertatzen zen galdetu zion. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil du, semea onik bereganatu duelako”. Seme zaharrena biziki haserretu zen, eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoela, zure agindurik behin ere huts egin gabe, eta ez didazu sekula antxume bat ere eman lagun artean jateko, eta horrako zure seme hori, emagalduekin zure ondasunak jan dituen hori, etorri denean, zekor gizendua hil diozu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nirea den guztia zeurea duzu. Baina egoki zen festa egitea eta poztea, zure anaia hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”».

Lukas 15, 1-3. 11-32.

Adiskidetzearen festaren aurrean gaude parabola honetan: Jainkoak eskaintzen digun barkamena eta adiskidetze proposamena da berriz ere.

Adiskidetzea pertsona, lekua eta egoeren arabera bereizi egin behar dela hartu behar dugu kontuan. Ez daude aldez aurretik ezarritako arauak, ez daude honen inguruko legeak. Eta are gutxiago, Jainkoak  barkamena eta adiskidetzea duen neurtzeko moduan.

Barkamena inork ulertzen ez duen “oparia” besteari ematea da, gure lojikatik kanpo askotan geratzen den zerbait. Izan ere, guretzat gaizki egindakoak, “ordaindu” egin behar dira. Oparia vs ordainketa, Jainkoaren maitatzeko modua vs gure neurtzeko modua.

Barkamenak ordea, lotzen gaituzten zama eta kateetatik askatzen gaitu, eta berriro ere ilusioa eta arnas berria eskaintzen diguten bizimodu berrira eramaten gaitu. Horregatik pasarte honek gonbidapen  berezi bat jartzen digu berriz ere garizuma honetarako: tentsioak abordatu eta aurre egin diezaiegun gure barruan ezinegona sortzen diguten egoera horiekin. Erabil dezagun elkarrizketa, entzute aktibo eta enpatikoa, gure eta besteen zaurien sendaketari aurre egiteko. Maitasuna eta errukia izan daitezen gure iparrorratz mintzen gaituzten egoerak aztertu eta aurre egiteko orduan.

Jainkoak lagun, ulertezina baina aringarria den bizitza berri batera eraman gaitzaken proposamena da. Eutsi otoitzari eta Jainkoaren eskutik, jaitsi gaitezen gure iluntasun eta zaurietara senda daitezen barkamena eta adiskidetzearen bitartez.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.