HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

Martxoak 6

Aldi hartan, Jesusek esan zien apaizburuei eta herriko zaharrei:

«Entzun parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta hesiz inguratu; bertan dolarea egin eta dorrea eraiki zuen; gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen. Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zituen nekazariengana, fruitutik zegokion partea jasotzera. Nekazariek, ordea, morroiei heldu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten. Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten. Azkenean, bere semea bidali zien, bere baitarako esanez: “Izango diote begirune nire semeari”. Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zioten elkarri: “Oinordekoa duk. Hil dezagun eta guretzat izango duk ondarea”. Heldu zioten, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten». Jesusek galdetu zien: «Zer egingo die nekazari horiei mahasti-jabeak, itzultzean?». Erantzun zioten:

«Errukirik gabe hilko ditu, eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuei utziko die mahastia». Jesusek esan zien: «Ez al duzue Liburu Santuan behin ere irakurri: “Etxegileek baztertutako harria giltzarri gertatu da. Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri?” Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio». Parabola hauek entzutean, Jesus beraiengatik ari zela jabetu ziren apaizburu eta fariseuak, eta hura atxilotu nahian zebiltzan; baina jendearen beldur ziren, denek profetatzat baitzeukaten.

Mateo 21, 33-43. 45-46.

Jainkoa da guri, bere herriari, fruitua ematen duen lurra eskaintzen diguna parabola honetan agertzen zaigun nagusia. Maitasunetik abiatzen den istorioak, ordea, porrota eta heriotzarekin topo egiten du: Jaunak bidalitako guztiak mespretxatu edo hil egiten dituzte nekazariek. Nagusiak bere seme berari, maitasunaren mezua eramatera mahastira joateko eskatzen dionean ere, nekazariek haren bizitzarekin bukatzen dute.

Guk ere hala egiten dugu zenbaitetan: Jesusen hitza ez dugu entzuten, baztertu eta mespretxatu egiten dugu gure erara manipulatuz, gure ideologiara eramanez deserosoa egiten zaigunean. Honek ere nolabaiteko heriotza dakarkio Jesusen mezuari.

Izan ere, hau izan daiteke gaurko gonbidapena: zenbatetan baztertu ditut nire inguruan ibiltzen diren profetak? Zenbat aldiz esan diogu Jesusen mezuari urrutiratzeko, pentsatuz gu garela ondo ari garenak eta ez dugula bere hitza entzun behar? Gogora dezagun guk baztertzen ditugun harriak giltzarri izan daitezkeela Jainkoarentzat.

Itziar Errandonea

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.