HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 5
Aldi hartan, honela mintzatu zitzaien Jesus fariseuei: «Bazen gizon aberats bat, purpuraz eta liho finez jantzi eta egunero festa ederrak egiten zituena. Lazaro izeneko eskale bat, berriz, aberatsaren etxe-atarian etzanda egoten zen, zauriz josia; gogotsu jango zukeen aberatsaren mahaitik erortzen zena. Txakurrek berek ere etorri eta zauriak milikatzen zizkioten. Honetan, hil zen eskalea, eta aingeruek Abrahamen altzora eraman zuten. Hil zen aberatsa ere, eta ehortzi zuten. Hilen Egoitzan oinazetan zegoelarik, begiak jaso eta Abraham ikusi zuen urrutian eta Lazaro haren altzoan, eta deiadarka esan zuen: “Aita Abraham, erruki zakizkit! Bidal ezazu Lazaro atzamar muturra urean busti eta niri mihia freskatzera, oinaze gorrian bainago sugar hauetan”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Seme, oroit zaitez zuk zorion franko izan zenuela bizitzan, Lazarok, berriz, zorigaitzak; horregatik, orain hark atsegina aurkitu du, eta zuk oinazeak. Gainera, gure eta zuen artean leize handia dago, eta nahita ere ezin da inor hemendik zuengana igaro, ezta hortik gugana ere”. Aberatsak berriro: “Orduan, aita Abraham, bidal ezazu, arren, Lazaro gure aitaren etxera, bost anaia baditut eta; jar ditzala jakinaren gainean, eurak ere oinaze-leku honetara etor ez daitezen”. Abrahamek erantzun zion: “Hor dituzte Moises eta profetak; entzun diezaietela”. Hark berriro: “Ez, aita Abraham; hildakoren bat joango balitzaie, bihotz-berrituko lirateke”. Baina Abrahamek erantzun zion: “Moisesi eta profetei entzuten ez badiete, ez dute sinetsiko ezta hildako bat piztuta ere”».
Lukas 16, 19-31.

Parabola honek begirada zorrozteko aholkatzen digu. Izan ere, ondo gaudenean zaila egiten zaigu ikustea edo imajinatzea nola egon daitezkeen sufritzen ari diren gure anai-arrebak. Erraza da besteen beharrak alde batera uztea eta haien aldamenetik pasatzea nola dauden ohartu gabe.
Gure inguruan “ikustezinak” diren, edo hobeto esanda, batzuetan “ikustezin” bilakatzen ditugun pertsonak ez dira halakoak Jainkoarentzat, Lazaro ez den bezala.
Hau dela eta, Jesusek bihotz-berritzera gonbidatzen gaitu Jainkoaren Hitzaren bitartez, eguneroko ekintzen bidez, eta ez etor daitezkeen seinale izugarrien bitartez. Izan ere, mahaitik erortzen zena ere, nahikoa iruditzen zitzaion Lazarori parabola honetan.
Garizuma honetan beste proposamena aurkezten zaigu: gure inguruan edozein sufrimendu mota izan dezaketeneei Jainkoaren begiradaz so egitea. Onartzeko prest?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments