HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Martxoak 4
Aldi hartan, Jesusek, Jerusalemera igotzen ari zela, hamabi ikasleak aparte hartu eta esan zien bidean: «Begira, Jerusalemera igotzen ari gara eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen esku utziko dute, heriotzara kondenatuko dute eta atzerritarren esku utziko, iseka egin diezaioten, zigorkatu eta gurutziltza dezaten; baina hirugarren egunean piztuko da». Orduan, zebedeotarren ama hurbildu zitzaion Jesusi bere semeekin eta aurrean ahuspeztu, eskari bat egiteko. Jesusek galdetu zion: «Zer nahi duzu?». Eta hark: «Agindu ezazu nire bi seme hauek, eser daitezela zure erreinuan bata zure eskuinean eta bestea zure ezkerrean». Eta Jesusek: «Ez dakizue zer eskatzen duzuen. Gauza al zarete Nik edan behar dudan kalizatik edateko?». Erantzun zioten: «Bai, gauza gara!». Jesusek orduan: «Nire kalizatik edan, bai, edango duzue; baina nire ezker-eskuin esertze hori, ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio». Beste hamarrak, hori entzutean, biziki haserretu ziren bi anaiekin. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Badakizue herrietako agintariek menpean hartzen dituztela herriak, eta handikiek beren agintea ezartzen dietela. Ez bedi izan horrela zuen artean; baizik eta zuen artean handi izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari, eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi zuen morroi. Gizonaren Semea ere ez baita etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, eta bere bizia askoren ordainsari ematera».
Mateo 20, 17-28.

Jesusek badaki injustiziaren hiriburura sarzen ari dela, eta jakin badaki ere, botere politiko eta ekonomikoaren egiturak epaitu eta heriotzera eramango duela. Berriz ere, Jesus iragartzen ari zaigu zer gertatuko den. Bere bizitza Jainkoaren hitza bete eta bazter guztietara eramaten igaro ondoren, Jesusek badaki baztertuenekiko izan duen kompromisoak bere prezioa ekarriko diola. Eta ez edonolakoa: tortura eta sufrimendua eragingo dion heriotza. Ikasleak izututa daude, ez da harritzekoa! Baina ezin dute imajinatu ere egin, zer izango den hura.
Aldi berean, heriotzak azken hitza ez duela izango adierazten du Jesusek; izan ere, gurutzearen ondoren, betiko bizitza iritsiko baita. Eta hemen berriro sortzen da boterearekiko dugun borroka eta nahia, toki hoberenak guretzat, eta besteak…?. Jesusek argi esaten digu: ezin dugu jarraitu orain arteko botere banaketarekin eta sistemak erabateko aldaketa behar du. Ez saiatu probetxu pertsonala ateratzen baizik eta besteen probetxurako bizitzen: ez gara zerbitzatuak izatera etorri, baizik eta zerbitzariak izatera.
Garizuma honetan, prest al nago Jesusen proposamenaren araberako botere banaketa planteatzera nire bizitzan, nire egunerokotasunean?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments