Gizakiok, naturatik kulturara bideko saltu kualitatiboan, besteak beste, tresnak, sinboloak eta balioak sortzen eta lantzen diardugu historian zehar. Naturara bagoaz, gizakiok, geure fonazio-organu naturalen bidez, txistua, irrintza (irrintzia) eta zantzoa asmatu ditugu komunikatzeko edo eta beste zeregin askotarako. Txistua, ahorik hara egiten dugu, mihin-ezpanak konbinatuz edo atzamar bidez. Txistu naturalak era askotakoak dira: berezkoak, kanturakoak, txistadarakoak, deitzekoak, agintzekoak, konpetiziokoak etab. Irrintza hitza, fonazio-organu bidezko beste hots bat dugu. Irrintza, gizaki zein abere batzuk egiten dugun oihu zoli eta deigarria da. Gure historia luzean zehar, gizakiok irrintza edo irrintzi bereziak asmatu ditugu. Gorbeialdean, gizakion irrintza-hots hori adierazteko, zantzo, hitza darabilgu normalean. Era askotako zantzoak dauzkagu egoera bat edo beste adierazteko: esaterako, deiadarrerako, larrialdirako, lamenturako, pozerako, jai-girorako, ospakizunerako, suterako, joan-etorrietarako, etab. Kristau aroan, eleizaz eta ermitaz bete zen gure Euskal Herria eta eleiz dorreetan kanpaiak jarri ziren era bateko edo besteko deialdiak edo eta abisuak adierazteko. Kanpai-hots batzuk eleizari lotutakoak ziren eta beste batzuk edozein ezbehar adierazteko. Historiak aurrera egin ahala, natura eta eleizarik harako dei-hotsez gain, era askotako musika-tresna ugari ere sortu ditugu gure Euskal Herrian eta erabili ere badarabiltzagu guztion gozamenerako. Gaur egun ordea, mundu elektronikoan sartu gara eta abantailen ondoan, arriskuak ere badaude mundu globalizatu honetan. Adi ibili behar badaezpada!
0 Comments