Abantailarik ez – Mt 4, 1-11

2026 Ots 23

Ez dut nire burua
Jesusekin parekatu nahi, Jauna,
ondo baino hobeto baitakit
ez naizela inolaz ere
haren mailara heltzen;
baina Mateoren testua irakurtzean,
Jesusek izan zituen tentazioak
eta nik izaten ditudanak
oso antzekoak direla iruditzen zait.
Eta ez du ematen, gainera,
hain gauza gaiztoak direla:
norberaren oinarrizko beharrak betetzea
(ogia, gutxienez,
eta erosotasun apur bat…
zergatik ez?),
norberaren izen ona zaintzea
(ager daitezela, behintzat, denen aurrean,
egin ditudan gauza onak,
izan ditudan merituak…)
eta botere pixka bat
(gauzak aldatuz joateko behar dena, behinik behin).
Hainbeste eskatzea da?
Zure proiektuaren alde egiten dugunok
abantaila txiki horiek bederen
izan beharko genituzke, ezta?
Zure proiektua aurrera ateratzeko,
baliabideak,
itxura ona
eta ahalmena
eman beharko zenizkiguke… ala ez?

Baina Jesusek ez zuen kontu hau horrela ikusi.
Jesusek bazekien
zure proiektuan lan egiteak
ez dakarrela abantailarik
–guk ere halaxe sentitu dugu sarri, jakina–.
Eta gustura onartzen zuen zer egina, hala ere:
“Behar dudan oinarrizko gauza bakarra
Jainkoa bera da,
Jainkoak diostana, alegia”,
“Jainkoaren proiektuan lan egiten dut;
ez diot eskatu nahi
berak nire probetxurako lan egin dezan”,
“Boterea eta indarra erabiltzen dituzunean,
Jainkotu egiten dituzu;
ez dut ezer behar:
Jainkoa bera nahikoa dut”.

Eskerrak ematen dizkizut, Jauna,
jasaten ditudan tentazio horiek
Jesusek berak ere
jasan zituela jakinarazteagatik.
Eskerrak Jesusek gainditu zituelako
eta, beraz, nik ere, gaindi ditzakedalako.
Eskerrak
beti gure ondoan zaudelako
–noizean behin bakarrik sentitzen banaiz ere–
eta Jesusek bidea erakusten digulako.

Lagundu, Jauna,
Jesusek bezala erantzuten:
Ez dezadala nire erosotasuna
zure proiektua baino lehen jar;
ez dezadala, zure gauzen aitzakian,
nire ospea bila;
jakin dezadala ez dudala botererik behar,
ez didazula arrakastarik eskatzen
eta ni iristen ez naizen lekuetara
zeu iritsiko zarela.

Badakit tentazio horiek
beti izango ditudala;
lagundu beti , Jauna,
Jesusek erakutsitako bideari
abantailarik bilatu gabe jarraitzen.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.