HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 22
Aldi hartan, Espirituak basamortura eraman zuen Jesus, deabruak tenta zezan. Berrogei egun eta berrogei gau baraurik egon ondoren, azkenean gosetu egin zen. Hurbildu zitzaion tentatzailea eta esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, esazu harri hauek ogi bihur daitezela». Jesusek erantzun zion: «Liburu Santuan idatzia dago: “Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi, Jainkoaren ahotik ateratzen den hitz guztitik baizik”». Orduan, deabruak hiri santura, Jerusalemera, eraman zuen eta tenpluaren goreneko ertzean ipinirik, esan zion: «Jainkoaren Seme baldin bazara, bota ezazu zeure burua goitik behera, idatzia dago eta: “Bere aingeruei agindu die zu zaintzeko”, eta “eskuetan eramango zaituzte, harriekin estropezu egin ez dezazun”». Jesusek erantzun zion: «Beste hau ere idatzia dago: “Ez tentatu Jauna zeure Jainkoa”». Orduan, deabruak mendi handi batera eraman zuen eta, munduko erreinu guztiak eta haien edertasuna erakutsiz, esan zion: «Hori guztia emango dizut, ahuspez gurtzen banauzu». Orduan Jesusek esan zion:
«Alde hemendik, Satanas! Idatzia dago eta: “Jauna zeure Jainkoa gurtuko duzu eta hura bakarrik zerbitzatuko”». Orduan, deabruak utzi egin zuen, eta aingeruak hurbildu zitzaizkion zerbitzatzera.
Mateo 4, 1-11.

Zertara eta, prestaketa sakon bat lantzera joan zen Jesus basamortura. Hainbat lider erlijiosok ere funtsezko asmo eta helburuak prestatzeko bakartze aldiak aukeratzen zituzten isolamenduan. Horretarako Jesusek otoitza eta baraua aukeratzen zituen baliabidetzat, baina ez helburutzat. Horretan ari zela, goseak nolabait ahulduta, proposamen itxurako tentaldi sorta bat gaineratu zitzaion: parerik gabeko hiru saio txundigarri egiteko aukera. Egungo erlatibotasun girotik begiratuta gehiegizko eskaritzat har genitzake.
Ageriko tentaldiez gain izaten dira ezkutukoak, erakarpen bigun modura barnean finkatzen doazenak. Berez tentaldiek desbideratzeren bat bilatzen badute ere, ez dira guztiz kaltegarriak. Horietatik ikas genezakeelako zeintzuk diren aukera onak eta zein alboratzekoak. Gainera, tentaldiei aurre eginez norbera sendotzen joan daiteke. Bizitzari ekiteak aukera batzuk hartu eta besteak alboratzera garamatza.
Garizuma aldia antzeko prestaketa aldia izan daiteke, gehienbat aztertzeko zeintzuk zaizkigun ohiko joera tentagarriak. Erabakimenean jardutea datza “espiritua” edukitzea. Ibilbide horretan nortasuna etengabe garatzen joan daiteke.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments