HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 18
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Begira, gero: ez egin zeuen egintza onak jendaurrean, ikus zaitzaten! Bestela, ez duzue zeruetan dagoen Aitaren saririk izango. Limosna ematean, beraz, ez ibili aurretik turuta jotzen, itxurazaleak sinagogetan eta kaleetan ibiltzen diren bezala, jendeak txalotu ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk limosna ematean, ordea, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak; horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina. Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala; horiek sinagogetan eta plaza-ertzetan zutik otoitz egitea maite baitute, jendeak ikus ditzan. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zu, ordea, otoitz egitean, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egiozu otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina. Barau egitean, ez agertu kopetilun, itxurazaleak bezala; aurpegia itsustu egiten baitute, barau egiten dutela jendeari agertzeko. Egia esan, horiek jaso dute beren saria. Zuk, ordea, barau egitean, gantzutu zeure burua usain gozoz eta garbitu aurpegia, jendeak ez, baino ezkutuan dagoen zure Aitak ikus dezan zure baraua; eta ezkutuan ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina».
Mateo 6, 1-6. 16-18.

Hausterre Eguna gaur. Buru gainean geratzen zaigun hausterre eskukadak ezer gutxiren itxura du. Kolore bera zein tristurakoa! Ingelesezko ash hitzak zerbait “beheratua” adierazi nahi du. Jainkoarekiko harremana horrelako hutsune itxuran landu behar ote dugu? Hausterrea horrela hartzeak geu gutxiagotzea eskatzen ote digu? Gainera hauts triste hori hartzea pertsonala izanda, agerikoa ere bada. Azaldu nahiko ote du Jainkoa txikitasunean iritsi eta bigun-bigun isurtzen zaigula?
Hausterrea jaso aurretiko Ebanjelio zati honek zalantzei erantzun zuzena emateko bidean jar gaitzake. Benetako diren bizipen asko agerikotik haratago mamitzen joaten omen dira. Jainkotasuna errealitate osoaren muin sakonetik zeharka doan bultzada edo kemena izanik ez da ikusgarria, sentikorra baizik. Hausterrea buruan hartzean hori goitik behera onartzea bezala uler genezake. Zergatik? Errutinazko zein ausardiazko ekintzetan molde zabal eta nahiko ezezagunak eraikitzen saiatu beharko dugulako. Nahiz eta hausterreak itxuraz zerbait galdua dirudien! Gugan bide hartzen badoa, ez da ez gogo txarrez hartzekoa izango!
Garizuma On!
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments