HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 16
Aldi hartan, fariseuak etorri eta Jesusekin eztabaidan hasi ziren. Jainkoagandiko seinale bat eskatzen zioten azpikeriaz. Jesusek, barrutik hasperen eginez, esan zien: «Zer dela-eta ari da gizaldi hau seinale eske? Benetan diotsuet: Gizaldi honi ez zaio seinalerik emango». Eta, haiek utzirik, berriro txalupara igo eta bestaldera abiatu zen.
Markos 8, 11-13.

Seinale nabarmenak eskatzen dizkiote farisearrek Jesusi, nahiz honek lehentxoago 4.000 partaideri jatekorik banatu zuen. Eskari horren aurrean Jesusek hasperen egin eta barne-bideari ekin nahi dio. Zer bada, zertarako? Bihotz gogorreko bideetan trabatuta ez geratzeko eta arreta onezko ekimenetan jartzeko.
Farisearrak, ordea, eztabaida piztu nahian hurbildu zaizkio. Eztabaida sortzeko jarrerak eta nahiak sarritan berekin daramate bestea gainditzeko joera. Baita bestea arrazoi txikiagoz eta oker dabilela.
Fededunoi ere gertatzen zaigu fedearen egia ikusgarria nahi izatea. Azaldu dadila argi jainkotasuna!! Baina… otoitzean sentitzekoa dena ez da ageri-ageriko egingo, sustraizko egiak sakontasunean dirauelako. Geuk ere egia gure ezaugarri apaletan azaleratuko dugula espero du Jesusek.
Fedea ez da ziurtasuna, konfiantza sostengatua baizik. Sinesteari ekitea garantiarik ezean jardutea ere badela sentitzen du sinesdunak. Handitasunean jarduteko aukerarik ez zaiola geratzen onartuz, ezta zalantzarik gabe aurrera joateko autopistarik ere. Baina horrek ez digu alaitasuna kaltetuko, konfiantza sendoan irautea oparia delako. Eta maitasun apalera bideratuko gaituelako, urratsez urrats.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments