HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 15
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia legemaisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko zeruetako erreinuan. Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Ez hil inor”, eta norbait hiltzen duena errudun izango da auzitegian. Nik, ordea, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena errudun izango da auzitegian. Entzuna duzue antzinakoei agindua: “Ez egin adulteriorik”. Nik, ordea, hau diotsuet: Emakumeari irrikaz begiratzen dionak egin du jadanik adulterioa bere bihotzean. Entzuna duzue antzinakoei agindu zitzaiena: “Ez egin gezurrezko zinik”, eta “bete Jaunari egindako zinak”. Nik, ordea, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik. Zuek esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoagandik dator».
Mateo 5, 20-22a. 27-28. 33-34. 37.

Jesusen garaiko juduek ehundaka arau zituzten eta haiek beteaz Jainkoaren nahia betetzen zutela uste zuten. Jesus berriz ez da arau horien zalea. Ez arau horiek txarrak direlako, muturreraino eraman behar direlako baizik: ez bakarrik ez hil, inorekin ez haserretu baizik, adulteriorik ez egitea soilik ez, ezpada inori irrikaz ez begiratu… Egia esan, ez dirudi Jesusen bidea erraza dela!
Ebanjelioetan agertzen denez, Jesusen lagunek ere zalantza hori izaten zuten: “Nor salba daiteke orduan?”. Eta Jesusek erantzuten zuen: “Gizakientzat ezinezkoa da, baina Jainkoarentzat ez dago ezinezkorik”. Jainkoak beteko du guk osatu gabe utzi duguna. Nola? Jesusen bidez. Beti pentsa dezakegu Jesusek gure egoeran zer egingo edo esango lukeen eta horixe esan edo egin. Hori baino ez zaigu eskatzen
Jauna, Jesus eman diguzu bidetzat eta bihotzez eskertzen dizugu. Emaguzu argia eta indarra, erabaki behar dugunean, Jesusen jokaeraren arabera jokatzeko. Sinetsi nahi dugu, Jauna, guk lortzen ez dugun gainerakoa, zeuk beteko duzula.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments