HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 14
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin, beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, harengainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».
Lukas 10, 1-9.

Jesusek hirurogeita hamabi haiek bidali zituen eta gu ere bidaltzen gaitu. Jainkoaren maitasun proiektua zabaltzera bidaltzen gaitu, taldeka eta baliabide bakarra Jainkoa bera dugularik, bidali ere.
Norengana bidaltzen gaitu, ordea? Bada, salbatzeko beharra sentitzen duenarengana, errietarik gabe, bakea eskainiz… Eta entzun nahi ez badigute, utzi, besterik gabe. Hori bai, entzun nahi digunarekin amaitu arte geratu beharko genuke, nahiz eta kasuren batean beste batzuengana joanda mezuaren gizarte eragina handiagoa izan daitekeela iruditu: ez ibili etxez aldatzen; bertan geratu eta ematen dizuetena jan.
Eta zer esan? Nola jokatu? “Hurbil duzue Erreinua” Gauzak alda daitezke. Gizakien arteko harremanak desberdinak izan daitezke: justizia, denen duintasuna, askatasuna, bakea… Jainkoaren maitasun proiektua eskura dugu jadanik. Horixe esan behar dugu, hitzez eta eginez!
Erraza da ulertzeko, Jauna, baina ez hain erreza egiteko. Lagundu lan horretan eta bidali langile gehiago, zeregina handia da-eta.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments