HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 13
Aldi hartan, utzi zuen Jesusek Tiro aldea eta, Sidonen barna, Galileako itsasora itzuli zen berriro, Dekapolisko lurraldean zehar. Gizon gor eta hitz-motela eraman zioten, eta eskua gainean ezartzeko eskatu. Jesusek, jendeagandik aparte harturik, hatzak belarrietan sartu zizkion eta listuz mihia ukitu. Gero, zerurantz begiratuz, hasperen egin eta esan zion: «Effeta», hau da, «Ireki». Eta une berean, belarriak ireki zitzaizkion, mihia askatu eta garbi hitz egiten hasi zen. Gertatua inori ez esateko agindu zien Jesusek; baina zenbat eta gehiago agindu, orduan eta areago zabaltzen zuten. Biziki harrituta, hau zioten: «Ondo egin du dena: gorrei entzun ahal izatea eman die eta mutuei hitz egitea».
Markos 7, 31-37.

Guri ere zaila egiten zaigu sarritan Jainkoari entzutea: haren proiektuan lan egitera animatzen gaituztenen bidez hitz egiten digunean, txikienen negarretan oihu egiten digunean, deserosoa egiten zaigu hori guztia eta ez dugu entzuten, edo entzun ez bagenu bezala jokatzen dugu. Eta hitz egiterakoan ere, kostatu egiten zaigu argi hitz egitea: ondorioak izan ditzake gauzak argi esateak, ondorio larriak edo ez hain larriak, baina isildu egiten gara, edo gauzak erdizka bakarrik esan.
Noizean behin, berriz, Jaunak aparte hartzen gaitu eta bere hatzamarraz gure benetako errealitatea seinalatzen du. Orduan inguruaren bidez egiten dizkigun oihuak entzuten hasten gara; eta esan ditzakegun gauzak proposatzen dizkigu pixkanaka, gauzok esateko adorea ere eskainita. Momentu horietan guztia alda daiteke.
Eraman gaitzazu aparte, Jauna. Ez utzi momentu horietatik alde egiten. Erakutsi gure benetako errealitatea, sufritzen dutenen oihuak entzunarazi, eta zure hitzak iradoki: emaguzu adorea, gure egoeran esan eta egingo zenukeena guk ere esan eta egiteko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments