HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 12
Aldi hartan, Jesus Tiro aldera joan zen. Etxe batean sartu zen, eta ez zuen inork jakiterik nahi; baina ezin izan zen ezkutuan egon. Alaba espiritu gaiztoak hartua zeukan emakume bat, Jesusen berri jakin zueneko, etorri eta oinetan ahuspeztu zitzaion. Emakumea jentila zen, feniziarra. Eta alabagandik deabrua botatzeko eskatzen zion Jesusi. Jesusek erantzun zion: «Utzi lehenbizi seme-alabak asetzen; ez dago ondo seme-alabei ogia kendu eta txakurrei botatzea». Emakumeak erantzun zion: «Bai, Jauna, halaxe da; baina txakurrek ere jan ohi dituzte seme-alaben ogi-apurrak mahaipean». Orduan, Jesusek: «Erantzun horrengatik, zoaz; atera da deabrua zure alabagandik». Itzuli zen etxera, eta ohean etzana aurkitu zuen neskatxa; alde egina zen deabrua.
Markos 7, 24-30.

Jesus jentilen lurrera joan zen, inork ezagutu gabe ezkutuan lasai egoteko asmoz eta bertan, emakumea eta jentila izateak zekarren bazterkeria bikoitza jasaten zuen emakume honek Jesusen ikuspegia aldatu zuen. Beste hainbat aldiz egina zuen berbera egiteko eskatu zion: alaba kanpoko indar gaizto batek menderatuta zeukan eta indar horrek ez zion nahi zuena egiten uzten eta, alderantziz, egin nahi ez zuena egitera behartzen zuen –ezagutzen ditugu guk ere halako kasuak gaur, ezta?–. Eta emakumeak alabagandik deabru hori botatzeko eskatu zion Jesusi.
Jesusek, orduan, “lehenago lehenagokoak” esan zion, “Gutarrak lehenago”, alegia, “helduko da gero gainerakoen txanda” –halakoak entzunak ditugu gaur egun ere, ezta–. Baina emakume feniziarrak Jainkoaren salbazioa guztientzat dela erakutsi zion, ez dela amaitzen, gutarrei bakarrik ez, behar duen orori eman ahal zaiola. Eta Jesusek baietz esan zion; eta ikuspegia aldatu zuen aurrerantzean.
Erakutsi; Jauna, gure inguruan nork duen zure askapenaren beharra, zure salbazioaren tresna izan nahi dugu-eta.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments