HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 6
Aldi hartan, jakin zuen Herodes erregeak Jesusen berri, honen izena oso ezaguna baitzen. Batzuek zioten: «Joan Bataiatzailea piztu da hilen artetik; horregatik du mirariak egiteko ahalmen hori». Beste batzuek, berriz: «Elias da». Eta beste zenbaitek: «Profeta da, antzinako profetak bezalakoa». Iritzi hauek entzutean, hau zioen Herodesek:
«Nik lepoa moztu nion Joan huraxe piztu da». Izan ere, Herodesek Joan harrapatu eta kartzelan lotua zuen, Herodias zela eta. Herodesen anaia Feliperen emaztea zen Herodias, baina Herodesek bere emaztetzat hartua zuen, eta Joanek esaten zion: «Ez zaizu zilegi zeure anaiaren emaztea edukitzea». Horregatik, gorroto zuen Herodiasek Joan eta hil egin nahi zuen, baina ezin, Herodesek begirune baitzion Joani; gizon zuzen eta santutzat zeukan, eta babestu egiten zuen. Joanen hitzek kezkarik sortzen bazioten ere, gogoz entzuten zion. Etorri zitzaion, ordea, Herodiasi aukerako eguna: Herodesek, bere urtebetetzean, afaria eman zien agintari, gudalburu eta Galileako handikiei. Sartu zen jantokian Herodiasen alaba eta dantzan egin zuen, eta atsegin izan zitzaien Herodesi eta mahaikideei. Orduan, erregeak esan zion neskatxari: «Eskatu nahi duzuna, eta emango dizut». Eta zin eginez agindu zion: «Eskatu ahala guztia emango dizut, nire erreinuaren erdia bada ere». Atera zen neskatxa eta bere amari galdetu zion: «Zer eskatuko diot?». Amak erantzun: «Joan Bataiatzailearen burua». Itzuli zen arin-arin erregeagana eta eskaria egin zion: «Emadazu oraintxe bertan Joan Bataiatzailearen burua azpilean». Goibel jarrizen erregea, baina mahaikideen aurrean egindako zinagatik, ez zion ukatu nahi izan. Berehala, bere guardiako bat bidali zuen, Joanen burua ekartzeko aginduz. Joan zen hura kartzelara eta lepoa moztu zion, eta azpilean ekarri zuen burua; neskatxari eman zion, eta neskatxak amari. Joanen ikasleak, hori jakitean, haren gorpua jasotzera etorri eta hilobian ehortzi zuten.
Markos 6, 14-29.

Jesusen jarraitzaileak Jesus norbere neurrira egiteko tentazioa izan dezake, bere nahiei eta itxaropenei erantzungo dien Jesus bat egiteko. Jainkoaren jabe izateko tentazioa daukagu eta honek, gehiegitan, besteak kondenatzeko eta nork bere burua salbatzeko justifikazioa dakar.
Gaurko ebanjelioa Jesus nor den galdetuz hasten da eta hainbat erantzun aurkezten ditu. Horietako bat Herodes erregeak ematen du, Jesus Joan Bataiatzailea berpiztua dela esatean. Herodesek, nahiz eta begirune zion, bere borondatez agindu zuen Joani burua mozteko, emazteak bultzatuta, Joanek publikoki beraien bekatua salatu zuelako.
Gaur egun ere Jesus nor den galdetzen dugu eta, gaur egun ere, federik gabe oso zaila da Jesus Jaungoikoaren Semetzat aitortzea. Baina gaur ere, bidegabekeria eta bekatua gaitzesteak munduko botereen kondena dakarrela ez da aldatzen. Gure misioari leial bagara, Jesusen jarraitzaileok zailtasunak eta mespretxuak aurkituko ditugu gaur ere.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments