HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Otsailak 3
Aldi hartan, Jesus itsasoaz bestaldera itzuli zenean, jende-talde handia bildu zitzaion. Oraindik itsaso ondoan zegoela, sinagogako buruzagietako bat etorri zen, Jairo zeritzana; Jesus ikustean, honen oinetan ahuspezturik, arren eta arren eskatzen zion: «Alabatxoa hilzorian dut; zatoz haren gainean eskuak ezartzera, senda dadin eta bizi». Jesus harekin abiatu zen. Jende asko zihoakion ondoren, estutzen. Bazen han emakume bat, hamabi urte haietan odol-jarioz zegoena. Hamaika sendagileren eskuetan jasatekoak jasana zen, eta bere ondasun guztiak ere horretan emanak zituen; baina sendatu beharrean, gero eta okerrago zihoan. Jesusen berri entzunda, jende arteanatzetik joan eta jantzia ukitu zion, honela baitzioen, bere artean:
«Jantzia bederen ukitzen badiot, sendatuko naiz». Une berean odol-jarioa gelditu zitzaion, eta gaitza sendatua zuela sumatu zuen bere gorputzean. Berehala antzeman zion Jesusek halako indar bat atera zitzaiola barnetik eta, jende artean itzulirik, galdetu zuen: «Nork ukitu dit jantzia?». Ikasleek erantzun zioten: «Hainbeste jendek estutzen zaituela ikusi, eta nork ukitu zaituen galdetzen duzu?». Baina Jesus ingurura begira zebilen, nork egin otezion hori. Orduan, emakumeak, beldurrez dar-dar —ongi baitzekien zer gertatu zitzaion—, oinetara erori eta egia osoa aitortu zion. Baina Jesusek esan zion: «Alaba, zeure sinesmenak sendatu zaitu; zoaz bakean, eta sendatua bekizu gaitza». Oraindik hizketan ari zela, sinagogako buruzagiaren etxetik etorri ziren, esanez: «Hil zaizu alaba. Zertarako eman neke gehiago Maisuari?». Baina Jesusek, hitz horiek entzunik, sinagogako buruzagiari esan zion:«Ez izan beldurrik; zuk sinetsi!». Ez zion inori ere berekin joaten utzi, Pedro, Santiago eta honen anaia Joani izanezik. Sinagogako buruzagiaren etxera iristean, ikusi zuen Jesusek hango istilua, jendea negarrez eta garrasika. Sartu eta esan zien:
«Zer dela-eta horrenbeste istilu eta negar? Neskatxa ez dago hilda, lo dago». Haiek barre egiten zioten. Baina Jesusek denak kanpora bidali zituen eta, neskatxaren aita-amak eta berekin zituenak harturik, neska zegoen tokira sartu zen. Neskari eskutik heldu eta esan zion: «Talitha, kum» (hau da: «Neskatxa, zuri diotsut, jaiki). Berehala zutitu eta ibiltzen hasi zen, hamabi urte bazituen eta. Jende guztia harri eta zur gelditu zen. Jesusek zorrotz agindu zien inork ereez zezala jakin. Eta neskatxari jaten emateko esan zien.
Markos 5, 21-43.

Gure koordenatu kulturaletatik bai norberak eta bai garaikideek ulertzeko, fededunok fedea kategoria arrazionaletara murrizteko ahalegina egiteko arriskua daukagu. Maiz, erredukzionismo hori fedea bera itzaltzera irits daiteke.
Ebanjelioaren gaurko pasarteak muga existentzial banatan dauden bi pertsona aurkezten dizkigu. Bata sinagogako buruzagietako bat da, alaba galtzera doana, eta bestea bere gaixotasunagatik –lege juduaren arabera– zikintzat jotzen den emakume bat, mespretxura eta gizarte-bazterketara kondenatua. Egoera hauetan, beste guztiek -erlijioak barne- huts egin dutenean, bi pertsona hauen itxaropen bakarra Jesus da. Jesusek, batzuk barre egiten badute ere, itxaropen horri erantzun egiten dio, Harengan benetako fedea zutenak jaso egiten dituelako eta ez dielako huts egiten.
Barre horien artean nirea al dago? Jesusen jarraitzaileak aurreiritzi erlijiosoak, segurtasun faltsuak eta kultur erredukzionismoak gainditzera deituak gaude, fedea Jainkoarenganako konfiantza sakoneko ekintza delako. Arrazoimena, berez, ez da nahikoa sakontasun horretako Jainkoarenganako konfiantza izateko. Norberaren existentzia bera da esperantza Jesukristorengan bakarrik jartzeko aukerak eskaintzen dizkiguna, bizitzaren momentu latzetan adibidez. Fededunak Jainkoarengan sakoneko konfiantza duelako espero du heriotza “gainditzea”, horregatik aitortzen du Jesukristo duela salbazio.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
“Barre horien artean nirea al dago?” Zeinen ondo kokatzen gaituen galdera horrek. Zenbaterainoko handikeria gurea! Fedea eta zaurgarritasuna eskutik doaz…”momentu latzetan”. Eta zein ederra den Jesus horrela erantzuten ikustea, ez daukagu gure fedearen jatorrizko ahultasun horretaz lotsatu beharrik, berak badaki. Erruki hutsa da.