HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 28
Aldi hartan, Jesus berriz ere irakasten hasi zen itsasertzean. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, urean zegoen txalupa batera igo eta bertan eseri zen. Jende-taldea, berriz, lehorrean zegoen, itsasbazterrean. Gauza asko irakatsi zien parabola bidez hitz eginez. Honela ari zitzaien bere irakastaldian: «Entzun! Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen lekuan, eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen; baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia eta ez zuen fruiturik eman. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta erne, hazi eta fruitua eman zuten: bateko hogeita hamar, hirurogei nahiz ehun». Eta ohar hau egin zien Jesusek: «Entzuteko belarririk duenak, entzun beza!». Bakarrik gelditu zirenean, Hamabiekin batera berarekin zebiltzanek parabolen esanahiaz galdetu zioten Jesusi. Eta honek esan zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erreinuaren misterioa ezagutzea; kanpokoei, ordea, dena parabola bidez ematen zaie, Liburu Santuak dioena bete dadin: “Begiratzen dute, bai, baina ikusten ez; entzuten dute, baina ulertzen ez; horrela, ez dira Jaunagana bihurtzen eta ez zaie barkatzen”». Eta esan zien gainera: «Parabola hau ez duzuela ulertzen? Nolatan ulertuko dituzue, orduan, gainerako parabola guztiak? Ereileak hitza ereiten du. Hitza ereitean, batzuk “bide-bazterra” bezalakoak dira: entzun bezain laster, Satanasek etorri eta haiengan erein den hitza kendu egiten die. Beste batzuk “harri artea” bezalakoak dira: hitza entzutean, berehala pozik hartzen dute; baina sustrairik gabeak eta iraupen txikikoak izanik, hitza dela-eta estutasun nahiz erasoaldiren bat sortu orduko, huts egiten dute. Beste batzuk, berriz, “sasi artea” bezalakoak dira: entzuten dute hitza, baina mundu honetako ardurak, diru-gosea eta bestelako grinak nagusitzen zaizkie eta hitza ito egiten diete, fruiturik gabe utziz. Eta hona nor diren “lur ona” bezalakoak: hitza entzun, onartu eta fruitua ematen dutenak: bateko hogeita hamar nahiz hirurogei nahiz ehun».
Markos 4, 1-20.

Jesusek Erreinuaz irudi erraz batekin hitz egiten du: neurriak hartu gabe ereiten duen ereilea. Hazia bera da guztientzat; aldatzen dena erortzen den lurra da. Ez da epaiketa bat, barrura begiratzeko gonbita baizik. Batzuetan itxita gaude eta Hitza ez da sartzen; beste batzuetan, hasieran gogotsu hasten gara baina ez dugu sakontzen; eta besteetan, kezkek eta eguneroko erritmoak benetakoa itotzen dute.
Albiste ona da dena ez dagoela gure esku. Haziak indarra du eta ereilea ez da nekatzen. Bihotz apur bat prest aurkitzen duenean, ahula izan arren, bizia ernetzen da eta fruitu ugaria ematen du. Ebanjelio honek barruko lurra zaintzera gonbidatzen gaitu, isiltasuna eta tokia sortzera, funtsezkoa haz dadin.
Zer ari da gaur nire barruko lurra gogortzen edo betetzen, eta zer egin dezaket Hitza lasaiago entzun eta haz dadin?
Jauna, lagundu iezaguzu gure barruko lurra zaintzen, zure Hitza entzun, onartu eta fruitu bihur dadin.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
Bai iruzkin ederra, hain era xumean, eta argi azaltzea!! Hemendik aurreko lanketa, norberak egin beharrekoa.
Mila esker eguneroko lan eder honengatik!