Joan kartzelan zegoen
(bere justizia eskaera, ordea, eta bihozberritzekoa
ez zuen ematen beteta zeudenik)
eta orain zure txanda zen,
hasi egin behar zenuen esaten
kontua ez zela Jainkoak laster esku hartuko zuela, ez,
ezpada hain zuzen ere Jainkoaren erregetza heldua zela,
orain Jainkoak berak antolatzen zituela gauzak,
gauzak hasiak zirela izaten
Jainkoak nahi zituen bezala:
justizia,
senidetasuna,
bakea
eta askatasuna…
Halaxe esaten zenuen
baina, errealitatea ikusita,
gutxienez bitxi samarra zen,
onartu behar duzu.
Eta hori esateko, jendearen gaitzak sendatzen zenituen.
Gu ere jentilen lurraldean bizi gara,
eta jentilen garaian ere bai:
hemen ez dute inor entzun nahi Jainkoaz mintzatzen
eta idoloak egiten dira
(errukirik gabeko sistema ekonomikoak,
demokratiko esaten ausartzen garenak,
edozeren aurrean jartzen ditugun
geure erosotasun eta segurtasunak,
gero lortu nahi genituzkeen helburuak…).
Eta idolo horiei
giza sakrifizioak eskaintzen dizkiegu,
sistemaren onerako:
gosez, hotzez edo indarkeriaz
hiltzen diren jendeak, alegia.
Garai ilunak dira oso, Jauna.
Eta sinetsi nahi dugu
garai honetan eta lur honetan ere,
herio itzalak desegiten dituen
argi handi hori izan zaitezkeela zu.
Seinaleak aurkituz joan nahi genuke,
gauzak zuk nahi duzun bezala
joaten hasi direla sinesteko.
Seinale horietakoren bat sumatu dugu
bidean gabiltzala,
eta nola edo hala, askatuago sentitzen gara:
sendoago gaude,
lehen menderatzen gintuzten kanpoko indar horiek
nolabait kontrolatzen hasi garela dirudi,
dagoeneko ez gaude hain gure onetik aterata
eta, apurka-apurka baino ez bada ere, mugitzen hasi gara.
Eskerrak ematen dizkizugu horregatik
eta gure Berri Ontzat aitortzen zaitugu.
Argi hori eramateko hurbildu nahi dugu zugana,
jendea indartzeko,
zapalkuntzatik askatzen laguntzeko,
guztiak ere mugitu ahal izatea lortzeko…
berdin dio zein den gure jatorria,
pentsatzeko edo ez pentsatzeko modua,
gizartean edo gizartetik kanpora dugun egoera.
Lan horretarako konpromisoa hartu nahi dugu,
baina ez dakigu oso ondo nola egin eta
sumatzen dugunean, nahikoa nekeza da;
emaguzu zuk, beraz,
egiteko modua aurkitzeko argia
gure historia zure erreinurantz bultzatzeko indarra
eta pazientzia, hanka sartzen dugun guztietan,
behin eta berriro saiatzeko.
Gera zaitez hemen gure artean,
iradoki bideak eta zereginak,
Jordan ibaiaz alde honetan dagoen
gure herri globalean ere
zure atzetik jarraitzen jakin dezagun.
0 Comments