HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urtarrilak 16
Zenbait egunen ondoren, Jesus Kafarnaumen sartu zen berriro, eta etxean zegoeneko berria zabaldu zen. Bildu zen jendetzarekin ez zegoen inon tokirik, ezta atarian ere. Eta mezua adierazten zien. Hartan, elbarri bat ekarri zioten lau lagunen artean. Baina jendetzagatik ezin zuten eraman Jesusenganaino. Orduan, bera zegoen parean etxe-gaina zulatu eta zulotik behera eraitsi zuten elbarria, etzanik zegoen ohatilan. Jesusek, haien sinesmena ikusirik, esan zion elbarriari: «Seme, barkatuak dituzu bekatuak!». Baziren han eserita lege-maisu batzuk, eta hau zioten beren baitan:
«Zer ari duk hau horrela? Biraoka ari duk. Nork barka zitzakek bekatuak, Jainkoak berak izan ezik?». Baina Jesusek bere barruan haien gogoetei igarri eta esan zien: «Zergatik dituzue gogoeta horiek zeuen baitan? Zer da errazago, elbarriari “barkatuak dituzu bekatuak” esatea ala “jaiki, hartu ohatila eta zabiltza” esatea? Orain ikusiko duzue, bada, Gizonaren Semeak baduela mundu honetan bekatuak barkatzeko ahalmena. Eta esan zion elbarriari: “Zuri diotsut: Jaiki, hartu ohatila eta zoaz etxera”». Berehala jaiki, ohatila hartu eta guztien aurrean atera zen. Denak harriturik gelditu ziren, eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Ez dugu sekula horrelakorik ikusi».
Markos 2, 1-12.

Nola astintzen gaituen pasarte honek! Laukoteak lagun elbarriaren alde hartutako lanak ikusita… Ez al zuen Jaunak sendatzeko asmorik? Nahikoa izango al genuke emandako bekatuen barkamenerako? Orain, orduan bezala, Jaunak bihotzean daramaguna, gure baitako gogoetak agerian jartzen ditu.
Zein da bizitza errotik gaiztotzen duena, eta nondik etorriko zaigu gordeenean errotuta dagoen gaizki hori garaitzeko aukera? Presente ditugun gaixo askoren sufrimenduekin batera, gaixotasuna medio santutasuna iritsi dutenen testigantza ekarri dezakegu gogora: orduan ere, Jainkoaren graziak, bere gaitza mundu honetan sendatu gabe, asebete ditu pertsonak, zorionbidean heziz eta elikatuz.
Gizakiaren Semea gizakia errotik eraberritzera dator, bekatuak barkatuz. Bekatua baita Jainkoa eta Haren onginahiarengandik, besteengandik urruntzen eta gure onetik ateratzen gaituena. Soilik Jainkoak eman dezaken barkamenak eman diezaguke gordeenetik irrikatzen dugun osasuna eta bizia.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.
0 Comments