HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urtarrilak 14

Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen eta Andresen etxera joan zen zuzenean, Santiagorekin eta Joanekin. Simonen amaginarreba oheratua zegoen sukarrarekin; berehala, hartaz hitz egin zioten Jesusi. Joan zitzaion Jesus ondora, eskutik hartu eta jaikiarazi zuen. Sukarrak alde egin zion, eta zerbitzatzen hasi zitzaien. Arratsean, eguzkia sartu ondoren, gaixo eta deabrudun guztiak eraman zizkioten Jesusi. Herri guztia bildu zen atarian. Eta hark gaixo asko sendatu zuen, edozein zela ere haien gaitza, eta deabru asko bota zuen. Deabruei ez zien uzten hitz egiten, bazekiten-eta nor zen. Goizean goiz, artean ilun zegoela, Jesus herritik atera eta bazter bakarti batera joan zen; han otoitzean ari zen. Simon eta lagunak Jesusen bila hasi ziren eta, aurkitzean, esan zioten:

«Jende guztia zure bila dabil». Hark, ordea, erantzun: «Goazen beste norabait, inguruko auzoetara, horietan ere Berri Ona hots egitera, horretarako atera bainaiz». Hala, Galilea guztian barna ibili zen, hango sinagogetan Berri Ona hots egiten eta deabruak botatzen.

Markos 1, 29-39.

Sinagogatik etxera. Etxea elizaren irudia dugu: bertan ari da Jesus, Jainkoaren Erreinuko gertutasunari dagokion bizia modu eraginkorrean suspertzen. Pasarte honek ederki erakusten digu Eliza kanpainako ospitalea izatera deitua dagoela.

Pedroren amaginarreba altxatzeko nola hurbildu eta inplikatu den ikusita, ikasi dezakegu Jainkoaren erregetzak duen berezko jarrera. Baita berezko erantzuna: zerbitzuarena.

Jesusen misioa gero eta zabalagoa da: etxeko ataritik herri osora zabaltzen da, baina beste nonbaitera joan beharra du bere misioa betetzeko. Ez du utziko, ez etsiko bere misioa burutu arte, mundu honetara etorritako gizaki guztiongana iritsi arte. Ikasleek ez dute ulertzen, baina jarraituz iritsiko dute ulermena, eta berea egingo Jaunaren bidea.

Otoitza da bere misioaren muina. Ordu luzetan, patxadaz eta bakarrik, Semea Aitarekin ari da, bat egiten, Espirituaren lokarriz.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Privacy Overview

This website uses cookies so that we can provide you with the best user experience possible. Cookie information is stored in your browser and performs functions such as recognising you when you return to our website and helping our team to understand which sections of the website you find most interesting and useful.